Andramari Zornotzako Ikastolak herri eta inguru jasangarriago baten alde egin duen hautuaren testuinguruan, orotariko ekintzak egiten ditu ikasturtean zehar. Oraingo honetan, Zornotzako Udalaren teknikari baten gidaritzapean elkarlanean aritu gara. Zehazki hauxe izan da plangintza: Gaur goizean Udalak bidalitako dinamizatzailea Ikastolara hurbildu, DBH2ko ikasleak gelaka antolatuta hartu eta herrira jaitsi dira hiriguneetako espazioak pertsonentzat berreskuratzeak duen garrantziari buruzko diagnostikoa eta gogoeta egitera. Horretarako hiru izan dira landutako elementuak:
- Hiriguneetan berdeguneak egotearen garrantzia ezagutzea.
- Hiriguneetan mugikortasun iraunkorrak duen garrantziaz hausnartzea.
- Mugikortasun iraunkorreko hainbat modu ezagutzea.
Ekintza horrek argi adierazten digu kaleko espazioak eta egunerokotasuna baliabide ezinhobeak direla marko teorikoan landutako edukiei erabilera eta praktikotasuna aurkitzeko.