Skip to main content

ERALDAKETA PEDAGOGIKOA

Ekainaren 4an egindako Urteko Batzar Orokorrean, ohiko gaiez gain, Andramari Ikastolarentzat garrantzi handia duen prozesu baten berri partekatu genuen: martxan dugun eraldaketa pedagogikoa.

Ez genuen proposamen itxi bat aurkeztu. Abian dagoen hausnarketa eta eraldaketa prozesu baten lehen hurbilpena partekatu genuen komunitatearekin, elkarrekin eraikitzen joateko asmoz.

Zergatik eraldaketa?

Gaur egungo gizartea etengabeko aldaketek eta ziurgabetasunak markatzen dute. Gure seme-alabek aurkituko duten mundua ez da guk ezagutu duguna izango, eta bizitza osoan zehar moldatu, berrikasi eta egokitu beharko dute.

Gainera, ezagutza bera ere aldatu egin da: informazioa inoiz baino eskuragarriagoa da, azkar sortzen eta berritzen da, eta askotan azkar zaharkitzen da. Testuinguru honetan, galdera nagusia argia da: zer da benetan garrantzitsua gaur egun ikastolatik egin behar dugun hezkuntza eskaintzan?

Egoera aldakor horretan gakoa ez dago informazioa pilatzean, baizik eta ikasten ikastean: jasotzen dugun informazioa ulertzea, interpretatzea, beste ezagutza batzuekin lotzea, kritikoki aztertzea eta komunikatzea.

Eta horrekin batera, beste ideia giltzarri bat azpimarratu genuen batzarrean, eraldaketa honen oinarrian dagoen beste helburu garrantzi handiko bat: ikasten jarraitzeko grina elikatu behar dugu. Izan ere, gizartean ikaskuntza ez da ikastolan edo ohiko hezkuntza arautuko prozesuetan amaitzen; bizitza osoan zehar jarraitzen du. Horretarako ere prestatu nahi ditugu gure ikasleak. 🎯

Zer pertsona hezi nahi dugu?

Hausnarketa honen erdigunean galdera bat dago: zer pertsona hezi nahi dugu?

Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorrean pertsona dago hezkuntza proiektuaren erdigunean. Marko horretatik abiatu dugu gure lanketa, eta orain arte klaustroan eta komunitatearekin egindako lanketan agerian geratu denez, balore eta gaitasunetan oinarritutako pertsona eredua da gure helmuga. Pertsona hauek izan nahi ditugu:

  • Euskaldunak
  • Barne-sendotasuna dutenak
  • Erabakitzaile eta ekintzaileak
  • Kooperatiboak
  • Eraldatzaileak: ingurua eraldatzeko gaitasuna dutenak

Helburua ez da soilik ezagutza akademikoa lantzea, baizik eta pertsona osoak heztea, euren bizitza-proiektua eraikitzeko gai izango direnak.

Zer diogu eraldaketa pedagogikoa aipatzerakoan?

Batzarrean azaldu genuen bezala, eraldaketa pedagogikoa ez da aldaketa metodologiko huts bat. Eraldaketa sakonagoa da: ikasteko eta irakasteko modua bera berrantolatzea du helburu, eta horrek ikastolaren proiektu osoari eragingo dio.

Hau da, ikas-irakaskuntza prozesua guztiz lerrokatuta egon behar da Hezkuntza Proiektuarekin, sustatu nahi den pertsona ereduarekin eta Ikastolak, erakunde moduan, hartuko dituen erabaki zein harremanekin. Finean, hezkuntza, komunitatea eta gizartea bera ulertzeko eta bizitzeko daukagun ikuspegiarekin.

Ikaslea erdigunean jarriz, ikaskuntza esperientzia esanguratsuak sortu nahi ditugu: motibagarriak, bizitzarekin konektatuak eta benetako ikaskuntza sustatuko dutenak. Izan ere, esperientzia positiboek ikasteko grina elikatzen dute. Bizipenetatik (sentituz, konektatuz…) ikaskuntzarako trantsizioa (ulertu, transferitu…) askoz naturalagoa eta errazagoa da. ✨

Nola egingo dugu?

Eraldaketa honek Ikastola osoari eragingo dio, eta hainbat esparru uztartu beharko dira modu koherentean: estrategia, kultura, irakasleen garapena eta lidergoa, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak, baliabideak eta espazioak, komunitatea eta aliantzak, eta ebaluazioa.

Aldi berean, ikaskuntza antolatzeko modu berriak garatzen ari gara: proiektu globalizatuak, elkarlanean oinarritutako ikaskuntza, ebaluazio hezigarria, irakaskidetza eta ikasleen ongizate emozionala erdigunean jarriko duten proposamenak.

Ez gara hutsetik hasten, ez dugu bakarrik egingo

Batzarrean ere azpimarratu genuen bezala, ez gara hutsetik abiatzen. Haur Hezkuntzan konfiantzaren pedagogian oinarrituta egindako bidea, ongizate emozionala lantzeko egin izan diren proposamenak, konpetentzietan oinarritutako metodologiak, ebaluazio hezigarrian ematen ari diren urratsak eta orain arte landutako ikuspegiak izango dira aurrera egiteko oinarri profesionalean oinarri sendoa. Orain, pauso berri eta sakonago bat eman nahi dugu, Ikastola osora zabalduko dena eta batasun eta koherentzia bat emango diona guztiari. 🤝

Era berean, eraldaketa honetan Andramari Zornotzako Ikastola ez dago bakarrik. Gure aurretik Ikastolen mugimenduko zazpi ikastolek (mugimenduarentzat “laborategi ikastolak” direnek) eraldaketa prozesuak burutu dituzte, eta beraien esperientzian oinarritzen ari da Ikastolen Elkartea gidatzen ari den eraldaketa.

Laborategi ikastolek egindako bidea eredu modura hartuta, aurten Ikastolen Elkartearen aholkularitzarekin lau ikastolek abiatu dugu prozesua: Bilboko Urretxindorra, Donostiako Zurriola, Bergarako Aranzadi eta Zornotzako Andramari Ikastolak. Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorrean oinarritutako fase berri honetan aitzindari izango gara lau ikastolak beraz. Ikastolen Elkartearen bermearekin eta aurretik eredu ditugun zazpi ikastolen esperientziarekin kontatzen dugu. Ikastolak aldizkariaren 268 zenbakian (apirilean banatutako aldizkarian) laborategi ikastola hauen esperientzia jasotzen zuen artikulu interesgarria zegoen.

Non gaude eta nora goaz?

Prozesua martxan dago: ikasturte honetan diagnosia egin da, formazioa abiatu da, talde eragilea martxan jarri da eta hurrengo lau urteetarako urratsak definitu dira. Beste ikastolekin eta Ikastolen Elkartearen laguntzarekin, elkarlanean ari gara bide hau eraikitzen.

Datozen urteetan, urratsez urrats joango gara proiektua garatzen eta ezartzen. Hurrengo ikasturtean eraldaketaren esperientzia aurreratua prestatuko da, eta 2027/28 ikasturtean DBH1 mailan aplikatuko da lehen aldiz, hurrengo urteetan gainontzeko ikasmailetara zabaldu ahal izateko.

Guztion artean eraikitzeko prozesua

Batzarrean argi adierazi genuen mezua hau izan zen: hau ez da prozesu itxi bat. Eraikitzen ari garen bidea da, eta komunitate osoaren parte-hartzea garrantzitsua izango da.

Horregatik, datozen hilabeteetan komunitateko kideen iritziak, galderak eta ekarpenak jaso nahi dira, elkarrekin etorkizunera begiratzen duen Hezkuntza Proiektu sendo eta koherente bat eraikitzeko.

ANDRAMARI ZORNOTZAKO IKASTOLA