Ikastolako kide agurgarri hori:
Gaurkoan, Bihar prozesuaren berri emateko idazten dizuegu, eta bide batez zuen partehartzea eskatzeko ere bai. Eskertuko genizueke, hurrengo lerro hauek arretaz irakurriko bazenituzte.
Zer da Bihar prozesua?
Bihar, Euskal Herriko ikastolok, 2021eko otsailaren 25ean aurkeztu genuen proposamena da. Proposamenaz gain, gogoeta prozesua ere bada, gure oinarrietan sakontzeko eta datozen urtetan Ikastolok euskal gizarteari egingo diogun ekarpena zehazteko erabiliko duguna.
Proposamen horrek, gure ustez, Euskal Hezkuntza Sistemak behar dituen ezaugarriak barnebiltzen ditu. Beraz, ezaugarri horien inguruan gogoetatu, osatu eta horiek praktikara eramateko gure estrategia zein izan behar den erabakiko dugu prozesu honetan zehar. Hau da, gaur biharkoaz hausnartu; etorkizunera begira jarri, aurrera begira.
BIHAR gogoeta prozesuari, Euskal Herriko Ikastolen VII. Batzarrarekin emango diogu bukaera. Bertan Ikastolok gure hurrengo hamar urteetako estrategia eta gakoak aurkeztuko ditugu.
Baina hau guztia bideratzea ezinezkoa izango litzateke Ikastolek hartu duten konpromisorik gabe. Eta ikastolen konpromisoarekin batera, Ikastolen komunitatea osatzen dugun guztion parte-hartzea ere behar dugu. Izan ere, horrelako bide batek inplikazioa, taldea, komunitate aktiboa eskatzen du, eta gure mugimenduaren oinarri diren hauekin bakarrik atera ahal izango dugu aurrera. Ikastola guztien eta hauen sarearen ekarpena ezinbestekoa izango da. Talde bat gara, Euskal Herria dugu kokaleku eta jokaleku, errealitate, ezaugarri eta bizipen desberdinekin. Aniztasun honek aberastuko du prozesua eta hausnarketan sakontzeko aukera emango digu. Ekin diezaiogun!
Gogoeta prozesuak bi fase izango ditu eta orain lehenepngoari helduko diogu. Ikastolako kide zaren honetan, egingo diren ariketa ezberdinetan parte hartzeko aukera duzu. Eta zure parte hartzea ezinbestekoa izango zaigu gure komunitatea hobeto ezagutu eta horren gainean etorkizuna eraiki ahal izateko. Denon ekarpena dugu beharrezko, izan guraso, langile edo ikasle.
Parte-hartzeko modua erreza da, eta ez diozu denbora gehiegi eskaini beharko. Lehenengo ariketa hemen duzu, eta galdetegi erraz bat besterik ez da izango. GALDETEGI HAU edozein euskarritatik bete ahal izango duzu: mugikorra, tableta edota ordenagailutik. Gogoratu, zure parte-hartzea ezinbestekoa ikusten dugula.
Eskerrak eman aldez aurretik eta jakin, aurrerago ere izango duzula Bihar prozesuan partehartzeko aukera. Honen berri emango dizugu.
Gaurtik da bihar! Adeitasunez,
Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseilua.