Azken asteetan abisatzen aritu gara, maiatzaren 31n zerbait garrantzitsua izango genuela Andramari Zornotzako Ikastolan. Gaur bukatu da sekretua gordetzea. Arratsaldeko 18:00etan ikastolako liburutegian gehiago ikusteko aukera izango duzue. Ane Ortiz Ballesteros sexologa eta hezitzaileak kontatu digu zertan datzan proiektuak eta zertan landuko duten datorren ikasturtetik aurrera:
Maiatzaren 31n mahainguru bat egongo da, zertaz hitz egingo da bertan?
Egun horretan gauzatuko den topaketa hori, jada martxan dagoen prozesu baten hurrengo urratsa izan nahi du.
Espazio honen atzean, teknologien erabilpenean sortzen diren kezketatik eraiki den gurasoen talde motorea dugu. Gune parte-hartzailea izan nahi du beraz, komunitateko familia guztiei gonbidapena luzatuz.
Saioan, hurrengo urteari begira teknologia eta sare sozialen erabilpena oinarri, jarraipena izango duen programa baten aurkezpena egingo da familien atxikimendua izatea helburua izanik.
Halaber, gurasoen artean, gaiarekin lotutako eduki desberdinak landuko ditugu eta besteak beste, hurrengo galderak erantzuten saiatuko gara: Zein da gure erantzukizuna guraso gisa? Sare sozialen erabilpenaren aurrean non kokatu nahi dugu? Zer nolako lanketa egin dezakegu Komunitatean teknologien erabilpen egokia sustatzeko?
Bizitzaren hasierako urteetan sozializatzen ikasten dugu. Ondoren mugikorrak datoz, laguntzen dute gaur egun sozializazioaren garapenean?
Profesionalon artean gai honekiko eztabaida handia badago ere, esan dezakegu gehienek bat egiten dugula, azken ikerketetan jasotako gomendioekin: pantailak 2 urtetik gora eta 2-5 urte bitartean oso maiztasun txikian.
Eztabaida adin horretatik gorakoenekin dago. Izan ere, familietan gero eta lehenago eskatzen dituzte mugikor propioak eta zailtasun handiena hor dagoela esango nuke. Baina, dudarik barik, gakoa ez dago sare sozialetan, baizik eta hauen erabilpenean. Sare sozialak, eta teknologia oro har, modu egoki eta orekatu batean erabiltzen badira lagungarria izan daiteke sozializazioaren garapenean eta beste hainbat gauzetan ere.
Adibide bat jartzeagatik, sozializatzeko edo komunikatzeko zailtasunak dituzten gazteei sare sozialek ate piloa ireki dizkiete eta bertan, beraien zailtasunei aurre egiteko espazio bat aurkitu dute. Eta hau betiere, guraso eta hezitzaileen laguntzarekin egiten badugu sekulako aukera izan daiteke gaztearen gaitasunak garatzeko.
Behin mugikorra edukirik, gazteek edozein eduki mota ikusteko aukera dute, artean eduki pornografikoa, biolentziazko edukia… zein punturaino izan behar du gazteak eduki horien berri?
Haurrek ez lukete eduki mota hauetara maiz sartzeko aukerarik izan behar. Zergatik esaten dut hau? Ezinezkoa delako horrelako edukietara ez sartzea. Telebista jartzen duzu, eta zenbat indarkeria ikusten duzu? Kalean zenbat indarkeria-egoera bizi edo ikusten ditugu egunerokotasunean?
Pornografiaren kasuan ere, oso eskuragarri dago. Jakin badakigu, pornografiaren kontsumoa dezente igo dela azken urteetan eta gero eta gazteagoen artean hasten dela kontsumo hau.
Hortaz, edukia beraiengana heldu baino lehen funtsezkoa dugu haiek heztea eta pornografia zer den, zer bilatzen duen, zer ordezkatzen duen eta erotikaren zientzia-fikzioa dela erakutsi behar diegu, betiere haur eta gazteen adinera egokituta. Baina garrantzitsua da ondoan eduki hauek eskuratzen gu ondoan egotean eta gai hauek beraiekin jorratzea.
“Teknologiak debekatzea ez da irtenbidea”
Gurasoen jarrera garrantzitsua da?
Garrantzitsua eta premiazkoa. Familien papera teknologien erabilpenaren aurrean funtsezkoa da. Erantzukizun handia dute, baina erantzukizuna komunitate osoarena da alegia, eta ezin dugu beste alde batera begiratu.
Ume eta gazteei teknologien erabilpen egokia egiteko tresnak eskaini behar dizkiegu, denborak kudeatzeko baliabideak, edukiak filtratzeko moduak, etab. Baina hori baino, badugu lantzeko beste ezinbesteko gauza bat: “Ni eta plano digitala”.
Zein da guraso moduan teknologiarekiko dudan jarrera? Nola harremantzen naiz mugikorrarekin? Nola kudeatzen ditut Whatsappeko elkarrizketak? Mugikorrarekin nagoenean nire seme-alaben beharrak asetzen ditut? Horiek eta beste hamaika galdera erantzun eta landu behar ditugu. Azken urteotan neurozientziak egindako ekarpenek agerian uzten duten bezala, esaten duguna baino garrantzitsuagoa da egiten duguna. Hortaz, eredu gara.
Beraz, umeek edo gazteek gurasoek mugikorrarekin duten harremana erreferentziatzat hartzen dute, ondoren beraiek berdin jokatzeko?
Bai. Gu irakurri eta askotan imitatzen gaituzte. Hala ere, gurasoak ez dira erreferente bakarrak izango. Urteak bete ahala, erreferente berriak presente egongo dira, gehienetan berdintsuen taldea osatzen duten kideak. Beraz, komunitatean lanketa integral bat egitea ezinbestekoa da hau osatzen duten eragile guztiak ildo beretik joan daitezen.
Zein da gutxi gorabeherako adin egokia gazteek mugikorra edukitzeko?
Galdera zaila eta oso eztabaidagarria ere bai. Seme-alabak arriskuen eraginpean ez egotea bermatuko digun adina bilatzen dugu. Arazoa da berme horiek ez direla inoiz existitu, eta ez direla existituko. Baina ez honetan, ez gure bizitzako beste alorretan.
Kontua ez da hainbeste zenbat urterekin, baizik eta ea nire seme-alaba prest dagoen mugikorra edukitzeko. Betiere, mugikor bat izateko behar diren gaitasunen inguruan hausnartu beharko dugu eta hauen arabera zer nolako erabilera sustatuko dugun zehaztu beharko da. Horregatik, arreta handiagoa jarri behar dugu gure seme-alaba prestatuta dagoen jakiteko eta sare sozialen erabilera egokian irakasteko eta hezteko. Beraz, oinarrizkoa da familian komunikazio egotea, mugikorraren erabilpenaren helburuak zeintzuk diren ondo zehaztea eta adostutako limiteak ezartzea.
Eta bukatzeko, hurrengo ideia ere konpartitu nahiko nuke: teknologiak debekatzea ez da irtenbidea. Helburua, gazteria, orain inoiz baino gehiago, teknologien erabilera seguru eta arduratsuan heztea eta laguntzea da. Halaber, funtsezkoa da aniztasunarekiko errespetuan heztea eta indarkeriarik gabeko harremanak sustatzea maila guztietan. Azken finean, plano digitala plano analogikoan gertatzen diren jokabideen isla baino ez da, desberdintasun txiki batzuekin, gure ekintzen inpaktua biderkatu eta bizkortu daiteke. Ikusmira oinarrizko gauzetara bideratu dezagun, erdigunean errespetua, zaintza eta komunitatearen ongizatea jarriz.