Skip to main content

Erakustazoka garrantzitsua izaten da emakume ekoizleena. Euskal Herriko hainbat herritako txokotako ekoizleak batuko dira zapatu honetan Zornotzan. Andramari Zornotzako Ikastolan ere badaude guraso ekoizleak, azokan egondakoak direnak zein zapatuan postua edukiko dutenak. Horietako bi dira Enaitz Lopez Berriozabalgoitia eta Olaia Hormaetxe Kobeaga. Ekoizle izateaz, eta emakumeen ekoizle azoka bat egoteaz berba egin dugu guraso biekin.

Enaitz Lopez Berriozabalgoitia: “Gure eskura produktu merkeak izatera ohitu gara, aspertuz gero arin alda ditzakegunak”

Modaren baitan, zertan jartzen duzu lanaren fokua? 
Umeentzako arropak josten ditut, enkargupean: Sudaderak, kamisetak eta soinekoak. “Patroi base” batzuen gainean aldaketak eginez diseinu berriak egiten ditut. Jendeagaz batera oihalak aukeratu ta josten ditut. Orain nagusientzako amantala diseinatu dut eta horretan ere banabil.

 

Zenbat denbora eskaintzen diozu lanari?

Arratsaldero aritzen naiz, hiru bat orduz, baita asteburu askotan ere. Materialen teknikari bezala lan egiten dut lantegi batean eta arratsaldetan tailerrean burubelarri aritzen naiz joskintzan.

Zerk bultzatuta hasi zinen mundu honetan lanean?

Hasiera batean nire buruarentzako eta nire seme-alabentzako arropak josten nituen, denborapasa gisa, baina harago joaten hasi zen hau guztia, mundu honetan guztiz barneratu nintzenera arte.

Oihala aukeratu eta arropa esku tartean duzun arteko prozesua ikaragarri gustoko dut, ezin dut nire burua imajinatu horrelakorik egin barik gaur egun. Orain seme-alabak nagusitu zaizkit eta beraientzat josterik ez dudanez, edo lehen baino gutxiago behintzat, saltzen hastea pentsatu nuen. Eta horretan nabil.

Ekoizlea zaren aldetik, zeintzuk izaten dira zailtasun handienak? Hasi baino agian, mantentzea izan daiteke zailagoa?

Hori da, gaur egun oso zaila da mantentzea. Nik neuk ez dut beste lana utzi, egun ezin naitekeelako honetaz bakarrik bizi.

Gure eskura produktu merkeak izatera ohitu gara, aspertuz gero arin alda ditzakegunak. Munduaren beste puntatik datozen arren eta batek daki zein baldintzatan ekoitziak izan. Eskulanak denbora eskatzen du, denbora eta mimoa. Gehienetan ez gaude prest horrek balio duena ordaintzeko. Eta aldi berean oso zaila izaten da prezio bat ipintzea egindakoari, “garestia” izan barik, baina irabazi duin batzuk izateko modukoa izan dadin.

Emakume Ekoizleen azoka Zornotzan egiteak lagundu dezake Zornotzan bertan edo Durangaldean ekoizle berriak ager daitezen?

Uste dut ikusarazten zaituen oro onuragarria dela eta gainontzekoak berdina egitera anima ditzakeela. Zornotzan emakume sortzaile ugari dago, maila desberdinetan lanean. Bagabiltza talde bat sortu guran ere. Momentuz batzen eta forma ematen saiatzen ari gara.

Zein punturaino da garrantzitsua emakumeek beraien produktu propioak sortzeaz gain, horrelako espazioak edukitzea?

Norberaren produktuak sortzeak sentipen berezi bat sortzen du, “harrotasun” puntu bat. Emakumeok horretan aritzeaz gain, uste dut erakustazoka bat edukitzea garrantzitsua da ikusgarritasuna lortzeko, gure kasa zer egiten dugun erakusteko. Emakumea arlo desberdinetan izaten da presente eta horietako bakoitzean ikusgarri egiteak emakumearen irudia ere ikusarazten du, indartuz, aktibo gabiltzala erakutsiz.

 

Olaia Hormaetxe Kobeaga: “Azoka egiteak beti laguntzen du lanak ezagutzera emateko, horrek beste emakume batzuk ere ekoizle izatera animatu ditzake”

Nekazalturismoan zer lantzen duzue? Abeltzaintza, nekazaritza… badago alorrik gehiago lantzen duzuena?

Nekazalturismoagaz batera okela egiteko behiak dauzkagu. Salmentarako hiru eta bost kiloko loteak prestatzen ditugu.

Zenbat denbora eskaintzen diozu lanari?

Lanaren ezaugarriengatik ez da erraza egunero egiten dudan ordu kopurua zehaztea. Baserrian beti dago zerbait egiteko. Landa eremu batean bizitzerakoan urteko sasoi bakoitzean zeregin desberdinak daude egiteko: Belarra moztu, beheko surako egurra prestatu, ingurua txukun mantendu…

Zerk bultzatuta hasi zinen mundu honetan lanean?

Nire gurasoak urte luzez lan egin dute eta bizi izan dira nekazal eremuan eta betidanik etxean ezagutu izan dudan bizi eredua da. Orain dela hiru urte jubilazio garaia heldu zitzaien eta orduan nire neba eta bion artean jarraipena ematea erabaki genuen. Gure betiko baserria eta bizilekua izanik honen biziraupena eta jarraipena bermatzea ezinbestekoa zela ikusi genuen. Oso pozik eta harro nago hartutako erabakiagaz.

Ekoizlea zaren aldetik, zeintzuk izaten dira zailtasun handienak? Hasi baino agian, mantentzea izan daiteke zailagoa?

Bai, lanbide guztiak bezala hau ere gorabeheratsua da. Batez ere azken bi urte hauek egoera epidemiologikoa dela-eta… oso une gogorrak bizitzen gabiltza, batez ere nekazalturismoan. Erreserba kopurua asko jaitsi da eta. Baina okelaren salmentagaz oso pozik gaude. Produkzio kopuru txikia daukagu baina daukaguna ondo saltzen dugu gure gertuko bezeroei esker. Beraien babes eta konfiantzari esker gure ekoizpena mantentzea lortuko dugula uste dut.

Emakume Ekoizleen azoka Zornotzan egiteak lagundu dezake Zornotzan bertan edo Durangaldean ekoizle berriak ager daitezen?

Bai, azoka egiteak, nahiz eta egun puntual batean izan, beti laguntzen du bakoitzaren lana ezagutzera emateko. Eta horrek lagundu dezake beste emakume batzuk ere ekoizle izatera animatzeko. Zornotzan ezagutzen ditut emakume ekoizle batzuk, baina ziur nik ezagutzen ditudanak baino gehiago daudela.

Zein punturaino da garrantzitsua Emakumeek beraien produktu propioak (edo zerbitzuak) sortzeaz gain, azoka bezalako espazioak edukitzea?

Emakumeentzako antolatzen diren espazioak edukitzea beti egongo da ondo, esparru desberdinetakoak izanik ere bai. Oraindik lan handia dago egiteke herria feminismotik eraikitzeko-eta.