ESKOLA JASANGARRIA
ZORIONAK ANDRAMARI IKASTOLA,
ESKOLA JASANGARRIA IZATEN JARRAITZEAGATIK
Ikuskaritza zorrotza gainditu eta gero, Eusko Jaurlaritzak “Eskola Jasangarria” egiaztagiria berretsi dio Andramari Zornotzako Ikastolari.
Joan den martxoaren 24an, Eusko Jaurlaritzako ikuskariak ikastolara etorri zitzaizkigun azken lau urteotan egin dugun lana egiaztatzera. Eta bai ondo egiaztatu ere: Agenda 30eko ikasleek (LHko Eko-ordezkariek eta DBHko IRAESeko kideek) gidatu zituzten ikastola osoan zehar, Jasangarritasunaren alde egunero egiten dugun lana erakusteko. Konforme geratu ziren, antza, joan den astean Eskola Jasangarriaren egiaztagiria beste lau urterako merezi dugula jakinarazi digute eta.
Benetan zoriontzekoak Agenda 30eko kide guztiak, egin duten lan handiagatik. Ezin ahaztu, ordea, ikastolako komunitate osoak, ikasle, irakasle, langile ez-irakasle nahiz gurasoek, hartzen dugula parte proiektu etengabe horretan.
Agenda 30 Nazio Batuen Erakundeak mundu mailan bultzatzen duen proiektua da, mundu iraunkorra lortze aldera. Horretarako, Garapen iraunkorrerako 17 helburu finkatu ditu eta aurten, bereziki, 11. helburuari erreparatu diogu: “Hiri eta komunitate iraunkorrak”.
Helburua ondo finkatuta, aurrerantzean ildo beretik gainerako helburu iraunkorrak ere lantzen jarraitzeko borondateari eusten diogu.