Skip to main content

IKASLEEN HIZKUNTZA ERABILERAREN NEURKETEN EMAITZAK

Aurten ere, urtero moduan, gure ikasleen hizkuntza-erabilera neurtu dugu, bi aldiz: azaroan lehenengoz eta apirilean bigarrenez.

Neurketak ikastolako esparru ia guztietan egin dira: ikasleak sartzeko unean eta jolastokietan, baina baita jantokian eta jantoki osteko egonaldian eta eskolaz kanpoko jardueretan ere. Ondorioz, neurtzaileak ere orotarikoak izan dira: irakasleak, jangelako hezitzaileak, eskolaz kanpoko jardueren arduradunak… eta baita ikasleak eurak ere, Euskara Taldeko ikasleek ere neurtu baitituzte euren ikaskideak. Ez dugu ikasgela barruko erabilerarik neurtu, ikasleen arteko “berezko” elkarrizketak neurtzea izan baita helburua, ez irakaslea aurrean dagoenean gertatzen direnak (irakasleari praktikan beti euskaraz egiten diote eta beraren aurrean ere, euskarazko harremanak itzel puzten dira).

Datuei erreparatuta, lehenengo begi-kolpea urteroko bera da: ikasleek adinean gora egin ahala, gaztelera nagusituz doa: HHn ikasleen %95ek baino gehiagok egiten du euskaraz eta DBHn, berriz, %72k egiten du gaztelaniaz. Beste era batera esanda, DBHn, lau ikasletik ia hiru gaztelaniaz aritzen dira ikastola barruan (elkarren artean, lagunartean, hitz egiten dutenean, ez irakasleekin hitz egiten dutenean).

HHn harremanak soilik euskaraz izan arren, ikasleak nagusitu ahala gero eta erdaldunagoak dira, eta, are larriagoa, gero eta goizago hasten dira erdaraz egiten. Argi dago ikastolatik kanpoko faktoreek garrantzi handia dutela joera horretan, baina ikastolan oraindik ez dugu horri aurre egiteko biderik aurkitu, egin ahalak egin arren.

Aurtengo DBHko datuak baikorragoak dira, ordea; izan ere, aspalditik datorren beherako joerari buelta ematea lortu dugu (horrek ez du esan nahi euskaraz gaztelaniaz baino gehiago egiten dutenik, gero!). Hein handi batean, nesken euskararako joerari esker izan da hori.

Alde negatiboan, LHko emaitzak: inoiz baino erdara gehiago erabili dute aurten gure LHko  ikasleek. Iazko maiatzean LHko mutilen  %31k egiten zuen gaztelaniaz, eta aurten ia %40 dira. Nesken artean, ordea, emaitzak antzera jarraitzen du: nesken %13,0k egiten du gaztelaniaz eta %87k euskaraz (iaztik hona ez da ia aldaketarik egon, euskararen aldeko hamarren gutxi batzuk baino ez).

Datu nabarmena, urtetik urtera berretsi eta indartu ere egiten dena: neskak euskaldunagoak dira mutilak baino. Aurten datu hori areagotu egin da, gainera: DBHn, esaterako, nesken erdiak baino gehixeagok egiten du euskaraz; mutilen artean, berriz, argi eta garbi nagusitzen da gaztelania: %77,6k erdaraz egiten du, eta %22,4k baino ez euskaraz.