Skip to main content

IRAINEN KONTRAKO KANPAINA

Dakizuen bezala, gure ikastolan urteak daramatzagu jazarpenaren kontra lanean KiVa programaren bidez.

Horren adibide dugu azken hiru urteetan egindako esku-hartzea hau: “Gure berezko ezaugarriak ez dira arazo. Lagunak egin ahal izateko kideak iraintzea, bazilatzea, zirikatzea eta erasotzea; hori bada arazoa”. 

Esku-hartze horren bidez, hauxe izan da gure asmoa: ikasleak konturatzea arazoa dela kide bat iraintzea taldean nagusi izateko. Orobat, arazoa da kide horren berezko ezaugarriak erabiltzea gustu txarreko txantxak egiteko.

Hausnarketa horrekin batera, gure ikasleek barneratu behar dute halako jokaerak ez direla txantxetakoak, hori egin duenak soilik barre egiten duelako eta aldez aurretik badakielako mina emango duela. Ondorioz, ezin dira txantzatzat hartu,  irainak dira eta. Erasoak, alegia.

Tamalez, horrelakoak erabiltzen ohi dira taldean nabarmen geratu nahi denean, baina horretarako gaitasun eskasa dagoenean. Helduok kontuan hartu behar dugu gerta daitekeela zenbait ikaslek halako egoera egunero jasan behar izatea, gu ezertaz konturatu barik, gehienetan berandu antzematen baititugu.

Hementxe dituzue aurtengo ikasleen ekoizpen batzuk:

Gehiago ikusi nahi izanez gero, ikastolako liburutegiko erakusleihora hurbiltzeko gonbitea egiten dizuegu.  Ikasleen lanketak benetan interesgarriak dira. Egiten jarraituko dugu eta berriak ere bertan jarriko ditugu.

Baina guzti honetan, ezinbestekoa da  familien inplikazioa eta ikastolaren eta familien arteko elkarlana. Beraz, orain zuri dagokizu gogoeta egitea: 

 

Gurasoa izanda,

zer nahiago zenuke:

zuen seme-alaba jazarlea ala jazarria izatea?