Skip to main content

Amorebieta-Etxanoko adikzioen prebentzio zerbitzuak Lehen Hezkuntzako ikasleentzat antolatutako Heziketa Emozionala proiektuan parte hartzen ari dira ikastolako LH 5 eta 6ko ikasleak aste honetan.

 

Guztira lau orduko proiektua da, ordu bateko lau saiotan banatuta. Parte-hartzean oinarritutako metodologia erabiltzen da, ikasleak izan daitezen programaren protagonista. Ikus-entzunezko materialak erabiltzen dituzte alderdi teorikoa aberasteko asmoarekin eta kontzeptu teorikoen jabe egiteko orotariko dinamikak lantzen dituzte gelan bertan. Behin geletan saioak amaitutakoan, ikasleek programarekiko duten iritzia emango dute, gogobetetasun-inkesta baten bitartez.

 

Antzemandako beharren arabera eskainiko dituzte eduki eta proiektuak, mailaren arabera. LH 5eko proiektuaren izena HEZIKETA EMOZIONALA BABES FAKTORE BEZALA da eta honako hauek ditu helburu:

  • Adimen emozionala indartzea adikzioen prebentzio lana indartzeko. 
  • Norbere emozioen ezagutza hobetzea.
  • Besteen emozioak identifikatzea.
  • Norbere emozioak kudeatzeko gaitasuna indartzea.
  • Emozio negatibo bizienen ondorio kaltegarriak saihestea.
  • Besteekin emozionalki era positibo batean erlazionatzeko gaitasuna garatzea.

 

LH6ko ikasleen tailerraren izena  HEZKUNTZA EMOZIONALA ETA TEKNOLOGIA DIGITALAK da eta helburu hauek ditu:

  • Norbere emozioen ezagutza hobeagoa lortzea.
  • Besteekin emozionalki era positibo batean erlazionatzeko gaitasuna garatzea.
  • Emozioek eguneroko bizitzan duten garrantziaz jabetzea.
  •  Norbere emozioak ulertzeko eta kudeatzeko gaitasuna garatzea.
  •  Gizarte trebetasunetan trebatzea.
  •  Teknologiak geure bizitzan duen garrantziaz ohartzea.
  •  Teknologia berrien erabilera arduratsua egitea.