Skip to main content

Emakumearen Nazioarteko Egunean, ikastolako emakumeok, ikasle zein irakasleek, aldarrikapen horrekin bat egin genuen ikastolako maila guztietan, HHtik hasi eta DBHraino.

Besteak beste, emakumeen borroka irudikatzen duen pankarta erraldoi bat jarri dugu atari nagusian, eta bertako zutabeetan, ikasle emakumeek elkar nabarmentzeko mezuak idazteko txokoa atondu dugu.

Bestalde, DBH3ko neskak herriko gainerako ikastetxeetako ordezkariekin batu ginen Zornotzako Udaletxeko plazan, eta ikasleek idatzitako testua irakurri genuen bertan:

Andramari ikastolatik gatoz. Gaurkoa egun berezia da: Emakumearen Nazioarteko Eguna. Pandemiaren ondorioz, azken 2 urte hauetan ez dugu gure ahotsa guk nahi genuen beste aditzera emateko aukerarik izan. Gutxinaka normalitatera hurbiltzen ari garenez, ordea, gure iritzia Covida baino lehenagoko urteetan bezala kontutan hartzea eta entzutea nahi dugu.

1908. urtean emakumeen eskubideen aldeko hainbat mugimendu hasi ziren. Emakumeok 100 urte baino gehiago daramatzagu gure eskubideen alde borrokan, pixkanaka-pixkanaka badirudi berdintasuna lortzen ari garela, baina oraindik gure helburua gauzatzeko bide luzea falta da. 

Gure gizartean, emakumeok eta gizonak ez gaituzte berdin tratatzen. Gizonek emakumeek baino pribilegio gehiago dituzte, gizon izate hutsagatik. Gainera, egoera asko eta askotan, gizonen iritziak garrantzi handiagoa izaten du, emakumeenak baino. Ildo beretik, askotan jaso behar izaten ditugu gure janzkerarekiko gure gorputzarekiko komentario desatseginak, adin guztietako gizonengandik, leku publikoetan. Hori ez da guk nahi dugun gizartea. Komentario horien ondorioz, bakarrik gaudenean, kalean ez gara seguru sentitzen. Emakumeok kaletik seguru sentitzeko eskubide bera eduki beharko genuke, gauez zein egunez. 

Indarraren inguruko komentarioak ere jasotzen ditugu; ahulak garela, gizonak indartsuagoak direla, baina hori ez da errealitatea. Emakume guztiok indartsuak gara, gauzak guk bakarrik egiteko gai. Pertsona askorekin liatuz gero, komentario desatseginak jasotzen ditugu: puta, facilona… eta beraiek berdina eginez gero, berriz, harro sentitzen dira eta hoberenak direla esaten diete. Guri burla egiten digutenean, beti emakumearen estereotipoetan oinarritzen dira, “¡osea!, ¡que fuerte tía!”, eta emakume bat haserretuta dagonean, “hilekoarekin zaude?” galdetzen dute, emakume bat haserre egoteko arrazoi bakarra hilekoa izatea balitz bezala. Gure gorputzarekiko, janzkerarekiko edo jarrerarekiko komentario desatseginak ez ditugu onartuko. 

BERDINTASUNA LORTZEKO, ESTEREOTIPOAK ALDE BATERA UTZI ETA DENON INDARRAK BATUKO DITUGU!

Andramari Zornotzako Ikastolako emakumeak, zutik!