Andramari Ikastolako proiektuak:
Orientazio zerbitzua
Ikastolako ibilbide osoan zehar, ikasleek euren ikasketen norabideari buruzko aholkuak eta laguntza behar izaten dute; ez da beti ezinbestekoa, ikasketak gorabeherarik gabe jorratzen dituztelako, baina batzuetan laguntza hori ondo etorria eta beharrezkoa ere gertatzen da.
Ildo beretik, aholku eta laguntza hori nahitaezko bihurtzen da ikasleak Ikastolako zikloa amaitzear daudenean, DBH4ra iristen direnean. Izan ere, une horretan, ikastola utzi ondoren egingo duten ibilbideari buruzko erabakiak hartu behar izaten dituzte: batxilergora edo lanbide heziketara joango diren, zer batxilergo edo zer lanbide heziketa egingo duten…
Guraso nahiz ikasleei zeregin horretan laguntzeko dago ikastolako psikologo-orientatzailea. Ikasleekin eskuz esku lan egiten du, beraien nahiak eta ahalmena ikusiz, aurrean dituzten aukerak eskaintzeko. Izan ere, ikasleek ezagutu ere egiten ez dituzten bideak erakusten dizkie, egokiena har dezaten.
Prozesu horretan ikasleek galdera-sorta zabalari erantzun beharko diote, beren nahiez, ahalmenez eta aukerez hausnartzeko, eta banakako bilerak ere egingo dituzte orientatzailearekin (nahi badute, jakina) zuzenean jasotzeko horren guztiaren berri.