EUSKARAREN EGUNA
Joan den igandean izan zen Euskararen Nazioarteko Eguna eta ikastolan aurreko ostiralean ospatzea erabaki genuen. Egun hori berezia da euskaldunontzat, eta egun aparta izan zen Ikastolan. Izan ere, adin eta gustu guztietarako ekitaldiz josita etorri zen eguna: pankartak eta txartelak, bai eta orotariko apainketak ere hormetan, eta jolasak, ipuin-irakurketak, musika-saioak eta orotariko jarduerak ikasleentzat.
Halere, zerbait azpimarratzekotan, ikasleen arteko bizikidetza azpimarratuko nuke. Izan ere, ekintza eta apainketa gehienak ikasleek eurek antolatutakoak izan ziren. Maila guztietako ikasleek hartu zuten parte, hein batean edo bestean, ikastolaren apainketan, eta Euskara Taldeko ikasleek (LH5-6, DBH1-2 eta DBH3-4 Euskara Taldeetakoek) antolatu zituzten gainerako ikaskideentzako jarduerak. Hain zuzen, jarduera horiexek osatu zuten atzoko jaialdiaren mamia eta bihotza.
Txalo bero bat merezi dute, benetan ere, gure ikasleek.