Skip to main content
EKIAHAZIAKIMUAOharrak

Ostiralean Gau Beltza: oharrak eta gomendioak

By 2023/10/26No Comments

GAU BELTZA

Astelehenean  informatu genizuen bezala, aurten ere iritsi zaigu Gau Beltza DBH4ko ikasleen eskutik. Zertaz ari garen ezagutzen ez duzuenontzat, esango dugu LHetik gorako  ikasleentzako ibilbide “beldurgarria” prestatzen dutela ikastolako DBH4ko ikasleek, ikasbidaiarako diru apurtxo bat biltzeko asmoz.

Horren harira, aurreko urteetako esperientzia gogoan, gomendio batzuk luzatu nahi dizkizuegu seme-alabak bertara eraman nahi dituzuen gurasoei.

Lehenengo eta behin, pazientzia, ulermena eta malgutasuna eskatu nahi dizkizuegu: kontuan hartu ibilbide hori ez dela ekintza profesionala:ikasleek antolatutakoa da,  borondate on guztiarekin, eta dirutxoa ateratzeko asmoarekin. Ezinezkoa da, beraz, edozein ikuskizun profesionalekin erabiliko genukeen zorroztasunez jokatzea: akatsak egongo dira, hanka-sartzeak… Ahalik eta gutxienak, espero dugu, baina gogoan izan: ez dira profesionalak, ezta amateur helduak ere: 15 urteko ikasleek prestatutako ibilbidea da.

Bigarrenik, arduradunen jarraibideei kasu egiteko eskatu nahi dizuegu: gertatu izan da, eta akaso aurten ere gertatuko da, ilara luzea izatea eta denok lehenak sartu nahi izatea. Hori ekiditeko neurriak hartu ditugu (sarrerak txandakatzea, besteak beste) baina lortuko ez bagenu ere, arduradunen aholkuei adi egoteko eskaera luzatzen dizuegu.

Azkenik, hartu kontuan ordutegi zehatza daukagula: hasiera ordua 17:00etan izango da, ikastolako klaseak amaitu ostean hasiko garelako ibilbidea taxutzen. Eta horretarako denbora beharko dugu. Ildo beretik, 18.30etan sartuko da azkeneko txanda. Izan ere, ikastola zarratu egin behar da eta hurrengo egunerako dena batuta utzi behar da. Eta, horretarako, ezinbestekoa da denboraz jokatzea. Denbora-tarteekin zorrotzak izango gara, beraz.

Gomendioak ulertuko dituzuelakoan, urriaren 27an ikusiko dugu elkar.