Skip to main content

Aurreko astean aipatu bezala, ikastolok osatzen dugun sareak gure arteko elkarlana, kooperazioa eta esperientzien elkartrukearen bidez, etengabeko hobekuntza eta bikaintasuna bilatzen dugu. Horren harira, Andramari Zornotzako Ikastolak bere esperientziaren berri eman du Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak antolatutako “Piztu Jakinmina: Ikastolen esperientzia arrakastatsuak saretzen” deituriko topaketetan. 

Bertan, gure lehen zikloko irakasleek “kimutegia” aurkeztu dute, LH 1, 2 eta 3. mailetako ikasleentzat aurten sortutako liburutegia. Gure iritziz, gure ikasleengan irakurzaletasuna sustatzeko baliabide eraginkorrenetakoa izan daiteke euren neurrira egokituriko liburutegi bat. Izan ere, horrelako espazio batek, literaturaren munduan murgiltzen laguntzeko testuinguru bat eskaintzen die: lasaia, atsegina, irekia, epela…

Atzokoan, Patri eta Lorea izan ziren zikloko ordezkariak eta proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkieten gainontzeko ikastoletako hainbat ordezkariri. Aurkezpena oso ondo joan zen, eta gurea eskaintzeaz gain, beste ikastola batzuetako proiektu arrakastatsuenak entzuteko eta gure irakaskuntza hobetzen jarraitzeko ideia ugari batu ahal izan genituen. Topaketa aberasgarria izan zen benetan!

Hemen ikus ditzazkezue bai topaketako argazki batzuk, baita gure Kimutegikoa ere.