TELEFONO MUGIKOR ETA ERLOJU ADIMENTSUEN ERABILERA
Aste batzuk joan dira ikasturte berria abiatu genuenetik eta lerro batzuk dakartzagu buletin honetara komunitate osoari gogoratzeko duela bi ikasturtetik telefono mugikor eta erloju adimentsuen erabileraren gaineko araudia martxan dugula.
Hezkuntza komunitate modura garrantzitsua deritzogu gailuen erabilera arduratsua egon dadila eta horretarako, ikasleez gain, helduok ere funtzio garrantzitsua dugula uste dugu. Horregatik, araudian komunitateko kide guztientzako erabilera-irizpideak eta neurriak daude.
Besteak beste, ondokoak dira araudian jasotakoak:
- Ikasleen erabileraren ingurukoak: irizpide orokor modura, telefono mugikor eta erloju adimentsuen erabilera debekatua dago ikastolan ikasleentzat.
- Helduen erabileraren ingurukoak: mugikorrik gabeko eremuak araututa daude dokumentuan, adibidez.
- Telefonoen gelako erabilera: orokorrean ez da telefonorik erabiltzen gelako jardueran eta salbuespen batzuk arautzen dira.
Lerrook baliatu nahi ditugu telefono mugikorren erabilera arduratsuaren aldeko jarrera bultzatu eta komunitateko kide guztiok eredu izaten jarrai dezagun.






