Skip to main content

Zapatu honetan Durangaldeko Bertso Eskolak 8 asteko ibilbide bati ekingo dio. Apirilaren 2tik maiatzaren 21era “Durangaldea Uztabarritzen” bertso zirkuitua antolatuko dute. Bere baitan sei saio eskainiko dituzte, Durangaldeko sei txokotan. Eta estreinako saioa Zornotzan izango da, Etxanon hain zuzen ere. Bertan ariko dira kantuan Sustrai Colina, Oninza Enbeita, Igor Galarza eta Ander Sarriugarte. Zirkuituaren inguruan eta Zornotzako bertsogintzaren osasunaren inguruan egin dugu berba Xabier Irakulis Agirrerekin, bertso eskolako kidea eta Andramariko gurasoa.

Zertan datza zirkuitua bera?

Bertsolari gazteak beti izaten du zailtasuna plazan bere lekua egiteko. Ondorioz, eskualdeko bertsolari gazte horieri begira sortu zen zirkuitua. Era berean, gazteei plazak emateaz gain, eskualde mailan ezagutaraztea edo euren presentzia areagaotzea ere garrantzitsua zen.

Nondik atera zenuten zirkuitu hau antolatzeko ideia?

Ideia pandemia garaian sortu zen. Bertso plazak, orokorrean, ia-ia desagertu egin ziren. Gazteek plazak bilatzerako orduan dituzten zailtasunei egoera negargarri hori gehitu zitzaion. Hortaz, zerbait egin beharra zegoela ikusi genuen.

Zer helburu ditu?

Helburua, alde batetik, gazteek esperentzia irabazten joatea litzateke. Eta, bide batez, bertsolari ibilbidean trebatzen jarraitzea. Eta bestetik, Durangaldean bertsozaletasuna plazara eramatea. Bertsozalea da Durangaldea, bertsolari handi asko dira gure eskualdekoak, eta hori aberasteko eta piztuta mantentzeko ere egin behar dugu apustu hau.

Zornotzatik iaz ere igaro zen zirkuitua. Zelako harrera izan zuen?

Zornotzan iaz saio bi burutu genituen. Lehenengoa Etxanon izan zen. Iazko apirilean hain zuzen. Bigarren saioa, Euban egin genuen, ekaina erdialdean. Aurten Etxanon errepikatuko dugu. Iaz erantzun ederra jaso genuen, 70-80 entzule izan genituen; plaza bete egin zen. Etxanok ezin hobeto erantzuten du horrelakoetan.

Aurten gonbidatu bereziak egongo dira Etxanoko saioan…

Hala da, izan ere saio hauetan puntako bertsolariak ere parte hartu izan dute eskualdeko gazteekin batera. Eta, modu berean, horrek ere saioei gehigarri berezi bat eman izan die. Aurten Etxanon Sustrai Colina eta Onintza Enbeita izango ditugu. Izen eta bertsolari handiak, bai.

Zelan ikusten duzu Zornotzan bertsolaritza? Badago gazte olderik?

Zornotzan bertsolaritza osasuntsu dagoela uste dut. Bertso eskola aspalditik dago martxan. Gure bapateko taldeaz gain, astero batzen diren gaztetxoen talde bat eta 60 urtetik gorako helduen beste talde bat ditugu. Azken talde honi aipamen berezia egin gura diot. Izan ere, Bizkaian ezaugarri horiekin dagoen talde bakarra da.

Hala ere, garrantzi berezia dauka 13-16 urte bitarteko hamar bat gaztez osatutako taldeak. Talde hori da etorkizunean bertso eskolari sostengua eman ahal izango diona. Gizarte globalizatu honetan, herri mugimenduetan, eta gurea ere hor kokatuko nuke, erreleboa bilatzea erronka benetan latza bihurtzen ari da. Mimatu behar ditugu, garrantzitsu sentiarazi eta gure mundua, bertso mundua, ederra bezain miresgarria dela erakutsi. Baina tira, orokorrean, euskal kulturak duen erronka da hau. Denok osatzen dugun ekosistema da, gu ere bere parte gara.