Maiatzaren 29a gero eta hurbilago dago. Hain zuzen ere, egun horretan antolatuko dute aurtengo Ibilaldiko edizioa. Gainera, edizio berezia izango da, alde batetik, 40. edizioa izango delako; eta bestetik, aurreko urtekoagaz alderatuta egoera desberdin batean antolatuko delako.
Joan zen barikuan aurtengo abestia eta bideoklipa aurkeztu zituzten. Mihailovic musikariak jarritako doinuei Onintza Enbeita bertsolariak jarri dizkio berbak, eta Iker Villa, La Basu, Afrika eta Yogurinha Borova abeslariek hartu dute parte. Aurten, Abusu ikastola izango da Ibilaldiaren antolatzailea. Bilboko Abusu auzoko ikastola hainbat ekimen antolatzen ari da Bizkaiko ikastolen egun handiaren aurreko hilabeteetan: Bertso maratoiak, haurrentzako ikuskizunak, orientazio zirkuitu herrikoia…
Hemen duzue ikusgai 2022ko Ibilaldiaren bideoklipa. Andramari Zornotza Ikastolan gogoz gaude maiatzaren 29a iritsi dadin!