Skip to main content

GOZATU UDA!

Hamar hilabete joan dira ikasturteari hasiera eman genionetik eta bete-beteak izan diren hamar hilabeteren ondoren, joan den ostiralean esan zioten Andramari Zornotzako ikastolako ikasleek agur aurtengo ekinaldiari. Ondo merezitako oporrak hartzeko garaia iritsi zaie ikasturte osoan zehar beren ikaskuntza prozesuan beste urrats bat eman duten ikasleei. 

Lerro hauek baliatu nahi ditugu ikasturte osoan zehar hezkuntza komunitate bizi bat izaten lagun izan zaituztegun ikasle, guraso, batzordekide, irakasle eta lantaldeko kide guztioi. Guztion artean egiten dugu ikastola eta denok batera laguntzen dugu gure seme-alaben hezkuntzarako egokia den giro eta eskaintza lortzen.

Bat bukatu eta beste bat hasi. Hurrengo ikasturtea prestatzeari ekin diogu jadanik ekaineko azken txanpan ikastolako lankideok, irailean berriz, hurrengo ikasturtea abiatzen denerako, dena prest izateko. 

Bitartean,  ikastolak zabalik jarraituko du Haur Hezkuntzako 0 eta 2 urteko ikasleentzako uztailaren 24rarte. Eta tarte horretan, ikastolako idazkaritza ere martxan egongo da, egunero, goizeko bederatziak (9.00) eta arratsaldeko hirurak (15.00) artean. 

Ondoren, oporrak hartuta, irailaren 2an izango gara berriz bueltan. 

Gozatu uda eta indarberritu gaitezen irailean ditugun erronka berriei heltzeko!

Zuzendaritza taldea.