Skip to main content

Joan den ikasturtean “Amalurra” proiektua jarri genuen abian, ikasleengan naturarekiko maitasuna sustatu eta lehen sektoreko errealitatera hurbiltarazteko helburuarekin. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak proposatutako zenbait plan jorratu genituen “Aztertu” programaren barruan, inguruko biotopoak (lurra, itsasoa eta ibaia) eta horien barruan dauden alderdi jakin batzuk (baratzea, landare aromatikoak, lorategi planak) ezagutzeko asmoz.

Horiez gain, beste jarduera bat ere egin dugu, aurreko urteetan landutakoari jarraipena emanez: ekosistementzat kaltegarriak izan daitezkeen espezie inbaditzaileen aurrean espezie autoktonoak babesteko ekinbideak (hala nola, Vespa Velutina liztorraren aurkako tranpak).

Aurten, oilategiaren proiektua ere gauzatu dugu, arrakasta handia izan duena, ikasleek ilusioz aritzen baitira mantentze-lanetan. Erantzuna ikusirik, gainera, txitoen hazkuntza ikasturte batez aurreratzea erabaki genuen: 21 egunean inkubatu ondoren, martxoaren 18an bi arrautzatako txitak jaio ziren. Euren kabuz oskola apurtzerik izan ez zutenez, ateratzen lagundu behar izan genien, bideoan ikus dezakezuen bezala. Kanpotik beste bi txita ekarri genituen bi horiei aurrera egiten laguntzeko, baina, azkenean, naturak bere bideari jarraitu zion eta gure txitek ez zuten aurrera egiterik lortu.

Prozesu hau bizi izan duten ikasleek ikaskuntza garrantzitsua barneratu dute esperientzia horretatik. Gaur egun, bi txita horiek HHn daude, ikasle gazteenen irakasgai. Datorren ikasturtean, egindako akatsak ezagutzen ditugularik, kanpoko txitak beharrean, geureak haztea espero dugu.

Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu horretan parte hartu eta hartzen duten pertsona guztiei, hau da, ikastolako langile, irakasle eta gurasoei. Eskerrik asko bereziki Juleneri eta Iker Baratori, erakutsitako pazientziagatik.

Familian esploratzeko

Aukera berri bat ingurutzen gaituen munduari buruz ikasteko, jolasteko, eta esploratzeko, modu dibertigarri eta hezitzaile batean. Aztertu programako gaietan oinarritutako online jokoa da: Euskadiko natura-ondarea, ekosistemen zaintza, jasangarritasuna, klima-aldaketa eta askoz gehiago.​

Onena? Edozein unetan har dezakezu parte eta zure erritmora jolastu. Ez du axola astero parte hartzen duzun edo batzuk bakarrik… garrantzitsuena gozatzea eta ikastea da!​

Animatu eta parte hartu! Erronkarako prest?​

Datak: Apirilaren 28tik ekainaren 16ra.​

Informazio gehiagorako, sakatu hemen: AZTERTU ETXEAN 2025 oinarriak