Skip to main content

IKASKETARAKO GELAK

Artezkaritza Kontseiluak, zenbait familiaren eskari eta proposamenari jarraituz, arratsaldeko 16.30etik 17.45era ikastolako liburutegia eta laborategia ikasketa gela modura erabiltzeko aukera zabaltzea erabaki du. Artezkaritzak azaroaren 21ean egindako bileran hartu da erabakia eta aukera hau 2025eko urtarriletik aurrera zabalduko zaie eskaria egiten duten eta baldintzak betetzen dituzten familiei. 

Ikasketa gelak erabiltzeko eskariak hiru-hilabete osorako egingo dira (hiru hilabetero antolatuko dira txandak) eta taldeka egin beharko dira: gutxienez 3 eta gehienez 10 ikasleko taldeak antolatu beharko dira eta beti egon beharko da gurasoren bat taldearen zaintzan.  

Hauek izango dira eskariak egiteko baldintzak

  • Taldean 3 eta 10 ikasle artean egotea eta beraien gurasoen baimena izatea.
  • Asteko zein egun eta ordutan erabali nahi den zehaztea.
  • Talde bakoitzak guraso arduradun bat izatea, zuzendaritzarekin komunikazioa izango duena.
  • Ikasketa gela erabiltzen den egun bakoitzean gurasoren bat taldearen zaintzan gelan bertan egotea uneoro, taldekideak dauden artean. Hiru hilabete osorako plangintza egin beharko du taldeak, zein egunetan zer guraso egongo den zehaztuz. 
  • Ikasketa gela erabiltzen den artean, arauak eta gelan egon daitezkeen beste taldeetako kideak errespetatzea. 

Ikasketa gela modura liburutegia edo/eta laborategia erabili ahal izango dira, ikastolako beheko solairuan. Nahiz eta eskaria hiru hilabete osorako egin, aurrez zehaztuko dira zein egunetan ezingo diren gune hauek erabili, programatutako ondoko bileraren bat dagoelako: klaustroa, Artezkaritza Batzordea, Guraso Ordezkariak, Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bilerak, etapa edo kurtso bilerak. 

Eskariak egiteko prozedura ondokoa izango da: 

  1. Hiru hilabete bakoitzaren hasieran (edo aurrekoaren bukaeran) eskariak egiteko epea zabalduko da. Eskari horietan taldea nortzuk osatuko duten, arduraduna nor den eta ikasketa gela asteko zein egun eta ordutan erabili nahi duten zehaztuko da.
  2. Dauden eskariak aztertu eta espazioak dituzten mugak aintzat hartuz (liburutegian gehienez 30 lagun eta laborategian gehienez 15 lagun), ikastolan txandak antolatuko dira eta eskaria egin dutenei jakinaraziko zaie. Orduren batean dauden lekuak baino eskari gehiago badago, taldeen arteko zozketa egingo da. 
  3. Lekua baieztatutakoan, talde bakoitzak hiru hilabete osoan zehar izango dituen txandetako zaintzaren programazioa helarazi beharko du (zein egunetan zein guraso egongo den zaintzan). 

Prozedura hau urtarriletik aurrera jarriko da martxan eta horretarako abenduan bertan zabalduko da hiru hilabete horretarako eskariak egiteko epea.