JARDUNALDI PEDAGOGIKOAK 2025
Aurreko asteetan iragarri dugun modura, datorren asteartean, azaroaren 4an, egingo da aurtengo jardunaldi pedagogikoen lehen saioa. Gure seme-alaben garapenean helduok egiten dugun akonpainamendua izango dugu aztergai ikuspegi ezberdinetatik aztertuz: irakasleak, gurasoak eta komunitateak akonpainamenduan dugun rolaz eta funtzioaz arituko dira hizlariak.
Jardunaldiaren izen-ematea irekita dago eta parte hartzera animatu nahi zaituztegu. Gogoan izan aurten zaintza zerbitzua eta jardunaldiak gazteleraz jarraitzeko itzulpen zerbitzua ere izango dugula.
Jardunaldien lehen saioan bi hitzaldi nagusi izango ditugu:
- Saioa Badiola ikastolako zuzendari pedagogikoak emango dio sarrera jardunaldiei, aurten landuko dugun gaia ikastolaren Hezkuntza Proiektuan kokatuz.
- Lehen hitzaldia Harremanak elkarteko Olatz Berastegi eta Ana Elosegik eskainiko dute “akonpainamendua pertsonen garapenean” tituluarekin.
- Azkenik Ikastolak mugimenduko Eli Altolagirrek “nola akonpainatzen dugu?” izenburuko hitzaldia egingo du. Hitzaldi honekin aurten DBHn eta datorren urtetik aurrera LHn martxan jarri dugun ONKI programa ezagutzeko aukera izango dugu, tutoretza plan integralerako programa
Hurrengo saioa berriz, azaroaren 12an izango da eta hurrengo asteko buletinean emango dugu informazio zehatzagoa.
Jardunaldietan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu zuek eta zuen ingurukoak, ikastola arlo honetan egiten ari den bidea partekatzeko aukera paregabea izango da eta. Jardunaldiak irekiak eta doakoak izango dira, arratsaldez, 17.30etik 19.00etara.
Itzulpen zerbitzua edo zaintza erabili nahi baduzue, aurrez adierazi izen-emate galdetegian, mesedez. Eguna antolatzen lagunduko digu horrek.
Itzulpena jarraitzeko (gaztelerara itzuliko da jardunaldia), beharrezkoa izango da telefono mugikorra eta telefonotik entzuteko entzungailuak (kaskoak) ekartzea. Posible bada, aurrez Telegram aplikazioa instalatuta ekartzea ere eskertuko genuke, berau erabiliko baitugu interpretaria jarraitzeko.






