JARDUNALDI PEDAGOGIKOAK 2024
Datorren asteartean, azaroaren 12an, egingo da Andramari Zornotza ikastolako Jardunaldi Pedagogikoen lehen saioa. Azken asteotan iragarri dugun modura, Zelaieta Zentroko auditorioan egingo diren jardunaldiotan, Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorretako lan-ildoetako batzuetan murgilduko gara.
Azaroaren 12ko lehen saioan, “Pertsonen garapenerako emozioak lantzen” izenburupean hitzaldi bat eta mahai inguru bat izango ditugu.
Hitzaldia Euskal Herriko Ikastolen elkarteko kide den Amaia Ayerrak eskainiko du. Bertan emozioak lantzeak duen garrantziaren gainean arituko da hizlaria.
Ondoren, mahai inguruan arituko dira Amaia Ayerra bera, Emaizeko kide den Miren Lopez de Arregi eta ikastolako irakasle Mirene Peña. Mahai ingurua ikastolako orientatzaile eta hezkuntza psikologoa den Nagore Etxebarrik moderatuko du.
Jardunaldia 17.30ean hasiko da eta 19.00etan amaituko da. Parte hartzea librea da, baina edukiera ondo aurreikusteko aurrez izena ematea gomendatzen da.
Bigarren saioa hurrengo astean, azaroaren 20an egingo da.
Informazio guztia jardunaldiei buruzko orrialdean duzue irakurgai.