Skip to main content

GABA BALTZA 2024

Azken urteotako ohiturari jarraituz, joan den asteazkenean DBH4ko ikasleek Arimen Gauko ibilbide beldurgarria antolatu zuten Ikastolako txikienen gozamenerako eta ikararako. Aurtengoan euskal mitologiaren ikuspegi beldurgarria landu dute, Mariren, Basajaunen eta enparauen alderdi ilunena agertarazteko.

Ikasturtea hastearekin batera DBH4ko ikasleak ibilbidea prestatzen aritu dira Adierazpen Artistiko saioetan eta beste saio batzuetan, eta jardun horren emaitza izan da, hain zuzen, joan den asteazkenean ikusitakoa.

Horrekin batera, ibilbidea egiteko txikiegiak zirenei (edo, beste barik, ibilbidea egin nahi ez zutenei) beste aukera bat ere eskaini zieten: liburutegian egindako tailerrak. 

Gogoan izan ibilbidean nahiz tailerrean bildutako dirua ikasbidaiarako erabiltzekoa dela; eta, horren harira, hemendik aurrera Ikastolaren Santo Tomasen azokan saltzeko eskulanak egiten hasiko dira, betiere ikasbidaiarako dirua biltzeko asmoz.

Azkenik, eskerrik asko ibilbidea prestatzen eta jasotzen laguntzera etorri ziren guraso guztiei, eta ibilbidean parte hartu zuten ikasle eta guraso guztiei. Eta eskerrik asko, bereziki, Adierazpen Artistikoko irakasle Oihanari, beraren lanaz harago, jardun horretan buru belarri aritu delako, eta haren bultzadarik gabe ezingo zelako burutu ibilbidea.