Skip to main content

2021-2022 ikasturtean erronka handiez beteta izan dugu, eta datorren uda eta ikasturtea ere antzerakoa izango da. Andramari Zornotzako Ikastolatik jarritako helburuak zehazteko, zein hezkuntzari eta ikastolari eragiten dien legeak zelan kudeatzeko, familien iritzia ezinbestekoa da. Hargatik, ekainaren 15ean Batzar Nagusia izango dugu. Artezkaritzako kide diren Mikel Aranburu eta Amaia Ramirezekin egin dugu berba, artezkaritzako kide izateaz eta Batzar Nagusira bertaratzeko garrantziaz.

Urte bereziak izan dira, zuen kasuan hasiera ere halakoa. Nola bizi izan duzue, artezkaritzako kide bezala, pandemiaren etapa?

MIKEL ARANBURU: Gure lehenengo ikasturtea dugu Amaia eta biok artezkaritzako kide modura eta pandemia honen etapa malguenak harrapatu gaitu. Aurreko 2 ikasturteetan artezkaritzan jardundako kideei zor diegu egoera konplexu eta ezezagun hau ahalik eta modu lasaienean eta  ikastolarekiko konfiantza zabalduz kudeatu izana.

AMAIA RAMIREZ: Errespetu handiarekin hasi genuen ikasturtea; bizi izandako (eta oraindik bizi dugun) egoeraren gorabeherak, ziurgabetasunak, zalantzak… nolabaiteko buruhausteak eman dizkigu. Egoera ezezagun berri batek dakarren tentsioa eta erantzukizuna gure barnean izanik, bat-batean erabaki asko hartu behar genituen, baina zuzendaritzatik gauzak nahiko lotuta egon direnez, lasaiago egon gara.

Datorren Batzar Nagusiak aurrera begira jartzen lagunduko digu, izan ere gauza asko dago lantzeko. Zeintzuk nagusiki (gai orden bat eman barik, oraindik zehaztu barik egongo da agian)?

M.A: Denak garrantzitsuak dira, baina nik bi puntu azpimarratuko nituzke. Lehenengoa,  ikastolako testuinguru hezitzailean egindako hezkidetza diagnostikoa da. Ikerketa honen ondorioak gizarteko beste edozein testuinguruan ere jaso daitezkeen arren, ikastola da gu eragiletzat gaituen testuingururik hurbilena eta horrek arretaz jokatzea eskatzen digu.

Bigarrena, aurrekoarekin lotuta dago ezinbestean.  Ikastolako kanpo espazioen eguneratzea da hain zuzen ere. Hezkuntza guneak erabat lerrokaturik egotea eskatzen du egungo hezkuntza testuinguruak eta horretarako kanpo espazioak egokitu beharrean gaude.  

A.R.: Kanpo espazio eraldaketa proposamena, Hezkidetza planaren aurkezpena eta Estatuen eguneratzea izan daitezke aurten azpimarratzekoak.

Baina esan beharra daukat ikastolan lan polita egiten gabiltzala, ikasle-irakasle-langile eta gurasoak, elkarlanean, etorkizunean izan nahi dugun ikastola eraikitzen. Bestetik, legez bete behar diren puntuak daude. Hau da, kooperatibaren arlo ekonomikoari dagozkionak (urteko kontuak, aurrekontua eta kuota aldaketak). 

M.A.: Begirada ikastolatik haratago zuzentzen badugu berriz, Ikastolen Elkartearen eskutik garatzen  gabiltzan “BIHAR” prozesua aipatuko nuke. Egungo ikastolen egoera abiapuntu izanik etorkizuneko erronkak zeintzuk izango diren identifikatu eta definitzean datza alegia.

Guraso bezala zeneukaten begirada eta artezkaritzako kide bezala duzuena asko aldatu da? Zertan aldatu zaizue?

M.A: Begirada zabaldu eta luzatu egin da. Guraso begirada zabaldu egiten da ikastolaren errealitate zabalagoaz ohartarazten zarelako. Gai arinak, sakonak, korapilatsuak, gertukoak… Bestalde, luzatu ere egiten da, epe luzerako erronkak finkatzen baitira. Hau da, guraso paperetik kotxeko argi laburrak eramaten ditugu gehienetan. Asko jota, ikasturteko epea dugu begiradan. Artezkaritzan, egunerokotasunari heltzeaz gain, urrunago begiratu behar da. Kotxeko argi luzeak jarri beharrean gaude hurrengo 4 urteetarako erronkak definitu asmoz.

A.R.: Nire kasuan ikasle ohia naiz eta orain guraso. Ikasle legez ez duzu balioesten atzetik dagoen lana (lan potoloa) baina orain, guraso eta artezkaritzako kide izanda ikastola bere horretan mantentzeko, eraldatzeko eta hobetzeko asmotan atzealdean sukaldatzen diren lanketak eta eginbeharrak zein garrantzitsuak diren goraipatu nahi dut, bai gure ikastolaren etorkizunerako baita gure seme-alaben (eta hurrengo belaunaldiko seme-alaben) etorkizunerako ere. Lan horren zutabeetako bat gurasoak gara eta batez ere guk dugun parte hartzea, hau ezinbestekoa baita. Gu ez bagaude honek ez du aurrera egingo.

Kolore, forma eta era askotako guraso eta familiak ditugu eta denon aldekoak diren erabakiak hartzea ezinezkoa da. Hala ere, gu hemen gaude ikastolan sinisten dugulako eta hartutako erabaki guztiak denon onerako izango direlakoan gaude, ikastolarekin bat gure seme-alaben etorkizuna eraiki nahi dugulako. Orain ikastola hobeto ezagutzen dut eta konbikzio osoz lanean jarraitu nahi dut. 

Ikastolan gurasoen parte hartzea ez badago, ikastola hankamotz geratzen da”

Zergatik da garrantzitsua aurten Batzar Nagusira joatea?

A.R.: Ikastolako gurasoon eskubideetako bat erabakiak hartzeko dugun ahalmena da. Bertan erabaki garrantzitsuak hartu behar ditugu: Kanpo espazioen eraldaketa, Hezkidetza planaren aurkezpena, Estatuten eguneraketa, etab. Horregatik Batzar Nagusian parte hartzea gonbidatu nahi dugu erabaki horrek aurrera eraman ahal izateko. 

M.A: Beti da garrantzitsua Batzar Nagusira joatea. Ikastolak forma juridikotzat Kooperatiba elkartea aukeratu zuen eta honek, ikastolak bazkidea erdigunean jartzen du. Batzar Nagusia bazkideen parte hartzea bermatzen duen eta erabili beharreko  tresnetariko bat litzateke.

Zein garrantzitsua izan da gurasoen elkarlana? Eta zein garrantzitsua izango da datorren Batzar Nagusiari begira?

A.R.: Lehen esan bezala, Ikastolan gurasoen parte hartzea ez badago, ikastola hankamotz geratzen da. Artezkaritzako kideak, guraso ordezkariak, hezkuntza komunitateko kideok ez badugu  elkarlana gauzatzen norabidea galdu eta ikastolak sentsua galduko luke eta ondorioz hezkuntza sistemako beste bat gehiago izango ginateke.

M.A: Gogoan dut gure gurasoek nola azaltzen ziguten, 50 urte pasatxo izango dira, uztaileko udalekuak prestatzeko orduan, aska handi bat erabat garbitu eta piszina bihurtu zutela.  Horrelako gertaerak, egungo egoerara egokituz noski, agerikoak dira ikastoletan eta baita Andramari ikastolan ere.

Ikastolako proiektuak aurrera atera behar badu gurasoen elkarlanarekin behar du. Norbanakotik hasi eta talde-lanean komunitatera heltzeko gai izan behar dugula pentsatzen dut.

Ikastolako komunitatea osatzen dugunok oso ezberdinak gara. Denok ez dugu berdin pentsatzen. Ez dugu ikastolarekiko, kontzeptu bezala, atxikimendu berdina. Ez ditugu ezagutza, trebetasun edo eta ahalmen berdinak. Eta garrantzitsuena, disponibilitate ahalmena ere ezberdina dugu.  Errealitatea konplexua da baina, bere horretan, aberatsa ere bai ordea.

Horregatik garrantzitsua da norbera bere inplikazio mailarekin gustora egotea, eroso sentitzea eta egiten duenarekin disfrutatzea.  Daukagunarekin elkarlanean aritzea besterik ez dugu eta daukaguna asko da. Elkarlanerako giro ona ezinbestekoa da.