BATZAR OROKORRA
Andramari Zornotzako Ikastolaren 2026ko Ohiko Batzar Orokorra egin dugu ekainaren 4an. Ikastolako jantokian egin dugu aurtengo Batzarra eta 60 ordezkari baino gehiagoren parte hartzea egon da.
Aurtengo Batzarrean, ohiko gaiez gain, bi aztergai berri izan ditugu:
- Eraldaketa pedagogikoa: Ikastola murgildu den eraldaketa pedagogikoaren gaineko xehetasunak aletu dira. Datozen urteotan ikastolan eragin sakona izango duen eraldaketa honen gaineko informazioa datorren astean zabalduko dugu buletin honen bidez.
- Barne beka sistema berria: Datorren ikasturtetik aurrera martxan egongo den sistema honekin, zailtasun ekonomikoak dituzten familiei erraztasunak eskainiko zaizkie. Bazkide guztiek ahobatez onartu dute beka sistema martxan jartzea, ordezkatutako boto guztiak aldekoak izan baitira.
Horiez gain, urteroko gaiak aztertu eta bozkatu dira: bukatzen ari den ikasturtearen balorazioa egin da, eta 2025eko diru-kontuak zein 2026rako aurrekontuak ahobatez onartu dira.
Datorren ikasturterako erronka nagusien artean nabarmendu dira: eraldaketa pedagogikorako prestaketa, ONKI programaren garapena, Bizikidetza Planaren osaketa, matrikulazioa indartzeko ekimenak, barne komunikazioan INIKA plataformara igarotzea eta azpiegituren inbertsio planari jarraipena ematea.
Amaitzeko, Artezkaritza Kontseiluaren osaketaren bueltan, hautagai bakarra aurkeztu da (Saioa Urrutia) eta ahobatez onartu da.






