Skip to main content

BAXOA EUSKARAZ MANIFESTAZIOA BAIONAN

Larunbat honetan, urtarrilaren 24an, 15:00etan, Baionako Xaho Kaian, “Baxoa Euskaraz” manifestazioa egingo da, euskara eta euskaldunon eskubideen alde.

Duela egun gutxi eginiko azken bileran, Parisen, Hezkuntza ministroarekin bildutako Euskal Herriko ordezkaritza esku hutsik atera da, baxoa euskaraz egiteko eskari historikoan aurrerapausorik lortu gabe. Are gehiago, arriskuan jarri da orain arte euskaraz egin diren atal batzuk ere, Matematika azterketa frantsesez eginarazi nahi baitute. Atzerapauso onartezina da hori,  azterketaren hizkuntza zehazten ez duten arauetan oinarrituta, Matematikan kasu, zuzentzaile elebidunak deitzea nahikoa baita, brebetan egiten den bezala.

Aspaldidanik aldarrikatzen dugu Seaskako eta euskal hezkuntza sare osoko ikasleek baxoa euskaraz egiteko aukera izatea, eta gaur arte emandako hitzek ez dute neurri eraginkorretan jarraipenik izan.   

Egoera larria da: euskara eta eskubideak  

Baxoaren auzia irabaztea gakoa da gure ikasleen eskubideak bermatzeko, bai eta haien heziketan euskarazko ibilbide osoa ziurtatzeko ere. Testuingurua ere ez dugu ahaztu behar, Euskal Herri osoan euskararen eta euskal hiztunen aurkako oldarraldi handi batean baikaude, eta euskararen zein euskal kulturaren aurkako erasoak metatzen ari baitira. 

Ipar Euskal Herriari dagokionez, 

  • Euskal  Erakunde Publikoaren aurrekontua mugatu nahi da 
  • Euskal Kultur Erakundearena murriztu, 
  • Epaitegietan euskaraz aritzeko debekuak ditugu 
  • Euskal hedabideen finantzazioa arriskuan dago 

Ahaztu gabe, euskara ez dela ofizialtzat hartua, eta horixe dela arestian aipatutako gaitzen iturburua. Egoera honetan, isilik gelditzea atzera egitea litzateke; mobilizazioa da euskararen aurrerabidea bermatzeko tresna nagusietako bat. Oldarrialdiari, euskaltzaleon indarraldiarekin erantzun behar diogu, antolatuta, eremuz eremu garaipen berriak eskuratuz. 

Manifestazioa larunbatean Baionan

Gogoan hartu deialdia:

 📅 Eguna: larunbata, urtarrilak 24
Ordua: 15:00etan
📍 Lekua: Baionako Xaho Kaia