Skip to main content

IRAES TALDEKO ORDEZKARIAK EUSKAL KONFITEAN

Joan den asteko asteazkenean, hilaren 17an, Euskal Konfinta izeneko bilkura egin zen Busturiako Madariaga dorretxean. Batzar horrek IRAES sarea osatzen duten ikastetxeak biltzen ditu, denon artean etorkizun jasangarriago baten aldeko konpromisoak lotzeko.

Andramari Zornotzako ikastolako ordezkariak ere bildu ziren bertan, eta arrazoi sendoz, gainera; izan ere, gure ikastolako DBH4ko ikasle eta IRAES taldeko kide Amaiur Artetxek rol berezia jokatu zuen bilkuran, Euskal Konfintaren izenean hartu baitzuen parte azaroan Madrilen egin zen CONAMA bilkura zabalean. Hain zuzen ere, CONAMAN izandako esperientziaren deskargua egin zuen Madariaga dorretxean.

Ez zen hori hitzaldi bakarra izan, ordea: Amaiur Artetxez gain, Naima El Bani Altuna geologoaren eskutik hitzaldi bat jaso zuten gure ikasleek, eta ondoren beraien kezkak helarazi zizkioten zientzialariari. Geologiak klima aldaketan duen garrantzia azaltzeaz gain, emakumeek zientzian jokatzen duten eta jokatu beharko luketen eginkizuna ere izan zuen hizketagai.

Horren ondoren, bertan bildutako ikasleak taldeka batu ziren, aurretiaz ikastoletan landutako proposamenen inguruan aritzeko. Gure ikastolako ikasle Txomin Irakulis eta Amaiurri tailerrak dinamizatzea egoki zitzaien, ekoliderren eginkizunaren baitan. Aurretiaz Naimak jorratutako bidetik, klima-aldaketaren eta emakume zientzialarien gaiak jorratu zituzten, gainerako partaideekin batera.