IRAKURKETARI BURUZKO TAILERRA
📖 Irakurketa plazeretik lantzeko tailerra DBHko irakasleentzat
Asteazken honetan Galtzagorri elkarteko Saroa Bikandi etorri zitzaigun ikastolara DBHko irakasleekin batera irakurketaren plazeraz eta garrantziaz aritzeko .
Saroak behin eta berriro azpimarratu zuen zelako garrantzitsua den ikasleei literatura plazeraren bidetik transmititzea , eta ez dagoela bi edo hiru edo lau irakurketa-maila eskaintzen ez dituen libururik . Alegia, umeentzako liburuak ere erabil daitezkeela DBHn , pertsona bakoitzak liburu bakoitzaren inguruko irakurketa propioa egiten duelako, eta desberdina adinean gora eta denboran aurrera egin ahala.
Ildo horretan, azpimarratu zien DBHko irakasle guztiei, hizkuntzetakoei zein zientzietakoei, liburuak eskura eta eskuragarri edukitzea funtsezkoa dela, etengabeko tentazio eta eskaintza gisara.
Irakurketa tailer horretan literaturari eta irakurketari lotutako beste inguruabar asko ere azaleratu ziren: ikastolan irakurketarekin nola jokatzen dugun eta nola jokatu beharko genukeen; zer lortu nahi dugun eta zer lortzen dugun; ikasleen motibazioaren bueltakoak; liburuen mailakatzeari buruzkoak; egungo gizarteak gazteen irakurketa-ohituretan duen eragina…
Aurretiaz ere jaso dugu Galtzagorri elkartearen ordezkariaren bisita eta beti etortzen zaigu ondo irakurketaren inguruko akuilukada atsegin hori jasotzea.






