Skip to main content

JARDUNALDI PEDAGOGIKOAK 2024

Azken bi asteotan egin ditugu Andramari Zornotza ikastolako lehen jardunaldi pedagogikoak. Gogoetarako espazio modura sortutakoa, hezkuntza komunitateko kideen topaleku ere bihurtu da azaroaren 12 eta 20an egindako saioetan. 

Jardunaldien helburu nagusia ikastolaren erronka eta proiektuen inguruko gogoeta bultzatzea izan da, eta horretarako, bi gai nagusi landu ditugu, beti ere Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorrean eta ikastolaren Hezkuntza Proiektuan ardaztuta: pertsonen garapenerako emozioen lanketa eta euskal hiztun kontziente, konpetente eta koherenteak hezteko helburua.

Ikastolatik herrira

Zelaieta zentroko auditorioan egindako bi saioetan ikastolako guraso, irakasle eta langileek parte hartu dute, baita Zornotzako beste ikastetxeetako kide, udaleko ordezkari eta zenbait herritarrek ere. Parte hartzaileen balorazioetan gaiekiko eta landutako edukiekiko interesa nabarmendu da, baita sakontzen jarraitzeko eskaria ere. Gainera, datozen edizioetarako beste hainbat gai proposatu dituzte. 

Lehen edizio honetan, ikastolen Hezkuntza Marko Orokorrean zehazten den pertsona ereduaren bi bereizgarritan sakondu da. Hezkuntza Markoan zehaztutakoak Hezkuntza Proiektuaren eguneraketan izango duen eragina aintzat hartuta, bi aspektu zehatz horietan lanketa egitea hautatu da. Pertsonen barne sendotasunaren lanketan emozioek ikasketa prozesuan duten eragin eta garrantzia nabarmendu nahi izan da lehen egunean eta ikastolak euskararen ezagutza bermatzetik harantzago, hiztun aktiboak sortzeko duen funtzioa landu da bigarrenean. Kasu bietan, ikastolak hezkuntza komunitate modura duen erantzukizuna aipatu da, bai ikastolaren funtzioak eta baita gurasoek egin dezaketena azalduz. 

Hitzaldiak eta esperientziak

Saio bietan hitzaldi nagusi bat eta esperientzia bat eskaini dira. Hizlariek egindako gaiaren kokapena eta testigantzen bidez martxan dauden proiektuen berri emateak teoria eta praktika uztartzeko aukera eman du. 

Eskertzekoa izan da Amaia Ayerra eta Kike Amonarrizek bi gaiei eman dieten oinarria, ikastolak duen eginkizuna ondo kokatuz eta eragiteko zenbait pista emanez. Era berean, entzule eta antolatzaileek esker ona adierazi diete Mirene Peña ikastolako irakasleari, emozioen lanketan egin duen ibilbide pertsonala eta ikastolan gaia lantzeko egin duen ekarpena azaltzeko egindako kontakizun ederrarengatik, eta Seber Altubeko irakasle Iraia Larrozeari, beste herrialdetatik datozen ikasle berriei harrera egiteko iaz martxan jarri zuten Pulunpa (e)ta Xin programaren berri emateagatik.

Edukien berri, datozen asteotan

Jardunaldiek utzitako edukiaren eta ondorioen berri hurrengo asteotan zabalduko dugu komunitatean, irakaspen askotarako eman dutelako egun biek. Bitartean, gustura jasoko genituzke aurrerago lantzeko interesa sortzen duten gai proposamenak ikastolako kideen aldetik (zuen proposamenak komunikazioa@zornotzaikastola.eus helbidera bideratu ditzakezue). 

Esperientzia aberasgarria izan da lehen Jardunaldi Pedagogiko hauena, eta seguru gaude hurrengo ikasturteetan antzekoak antolatzeko abiapuntu ona izan direla.