JARDUNALDI PEDAGOGIKOAK 2024
Datorren asteazkenean, azaroaren 20an, egingo da Jardunaldi Pedagogikoen bigarren saioa. Aste honetako lehen saioan emozioen lanketak bai ikastolan eta baita etxean lantzeak duen garrantziaren gainean aritu ondoren, ikastolak zornotzar euskaldun eta euskaltzaleak ahalduntzeko duen helburuan barneratuko gara hurrengo hitzorduan.
Horretarako, lehenik Kike Amonarriz soziolinguista izango dugu hizlari Zelaieta zentroko auditorioan. Hezkuntza komunitate modura euskararen gaitasuna, motibazioa eta erabilera bultzatzeko dugun funtzioaren gainean arituko da hizlaria, komunitateko kide ezberdinek zer ekarpen egin dezakegun aletuz.
Ondoren, Gernikako Seber Altube ikastolako kideek Euskal Herriko Ikastolek bultzatutako “Pulunpa (e)ta Xin” harrera programaren berri emango digute, iaz lantzen hasitako programa zer den, zergatik abiatu duten eta lehen urratsak nolakoak izan diren azalduz. Beste hizkuntza komunitate batzuetatik euskarara datozen etorri berrientzako programa interesgarria ezagutzeko parada izango dugu.
Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorraren barrunbeetan sartzen jarraituko dugu jardunaldietan beraz, gure Hezkuntza Proiekturako garrantzitsuak diren zutabeak indartzen eta elikatzen. Animatu zaitezte.