Skip to main content

EUSKARA SUSTATZEKO BIDEAK AZTERGAI

Astearte honetan euskararen inguruko klaustro monografikoa egin genuen ikastolako irakasleok. Zehazki, Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren tesia eta berak ikastoloi planteatu dizkigun galderak izan ziren gure lanketagaia.

Izan ere, Ikastolen Elkartea buru-belarri lanean ari da bere jarduna zehaztuko duen Hezkuntza Marko Orokorra taxutzeko. Bertan, besteak beste, oso garrantzitsua da gure markoan zehaztutako pertsona ereduan jasotako “euskalduna” bereizgarria, eta, hain zuzen ere, testuinguru orokor horretan kokatu behar da astearteko klaustroan egindako jarduna.

Luzeegia litzateke Iurrebasoren tesi osoa hemen laburbiltzea eta, horregatik, Ikastoletako zuzendarien aurrean eman zuen hitzaldiaren bideoa utziko dugu zuen eskura (HEMEN), guztiontzat interesgarria delakoan. 

Haren tesia aztertu ondoren, ikastolei egindako sei galdera aztertu genituen irakasleok: 1: “zer gehiago egin dezake gure ikastolak  euskal nagusitasunezko hiztun gehiago ekoizteko?”; 2: “Zer gehiago egin dezake gure ikastolak, ikasleen euskararen erabilera handitzeko?”; 3: “Zer gehiago egin dezake gure ikastolak,  euskararekiko atxikimendu sendoa izango duten hiztunak ugaritzeko?”; 4: “Zer gehiago egin dezake gure ikastolak, etxetik euskaldun datozen ikasleen erdalduntze goiztiarra gelditzeko?”; 5: “Zer gehiago egin dezake ikastolak, familien transmisio-bulkada sendotzeko, antolatzeko eta eraginkor egiteko?”; 6: “Zer gehiago egin dezake ikastolak, Zornotzako hizkuntza-nagusitasuna kontuan hartuta, ahalik eta eraginkorren izateko?”.

Zalantzarik gabe, bertan jasotako emaitzak oso baliagarriak izango dira, hala Ikastolen Elkartearentzat nola gure ikastolako jarduna eta Hizkuntza Proiektua zehazteko ere.