EUSKARAREN BASOA EGITASMOA
Euskararen Egunaren atarian, ekimen berria antolatu du Andramari Ikastolako Gurasoen Euskara Taldeak. Honela, Euskararen basoa egitasmoa abenduaren 1ean egingo da, eta ikastolako familien artean euskararen erabilea sustatzea du helburu nagusi.
Natura eta hizkuntza lotuko dira igande horretan, euskarari eta basoari arnasa eman guran. Txango labur batekin hasiko dugu jardunaldia: goizeko 10etan ikastolatik abiatuko gara familiak, eta hamaikak aldera helduko gara Autzaganera. Bertan, zuhaitz bana landatuko du familia bakoitzak, eta euskarazko hitz bat lotuko diogu zuhaitz bakoitzari, hitz berezi bat, familia bakoitzak berea hautatuko baitu. Ehun bat kimu landatzeko asmoa dugu antolatzaileok, zuhaitz bakoitzak bere berba izango duela bidelagun.
Landaketa amaitu eta bertsolari eta trikitilariek zarratuko dute ekitaldia, parte-hartzaileok salda beroa edaten dugun bitartean. Autzaganeko taberna inguruan egingo da akabuko ekitaldia.
Ekitaldia behar bezala antolatu ahal izateko, aurrez izena ematea eskatu nahi dizuegu bertaratuko zareten familia eta lagun taldeei.
Andramari Zornotzako ikastolako Gurasoen Euskara Taldea
Ikastolan, gurasoen artean euskararen erabilera bultzatzeko sortu zen talde hau orain dela hamar urte, sortzaileek ikusten baitzuten gurasoen arteko komunikazioa –neurri handi batean– gaztelaniaz ematen zela. Azken urteotan hainbat ekimen burutu ditu taldeak, erabileraren aldeko pauso irmoak emanez: kafe-tertulia, berbarik politena euskaraz, Egunean behin lehiaketa, Jose Angel Iribarrekin eta Iñaxio Kortabarriarekin mahai-ingurua, Basokoipetsu…