Skip to main content

IKASLEEN HIZKUNTZA ERABILERAREN NEURKETEN EMAITZAK

Azken urteotan egin izan dugun modura, ikasturte honetan ere egin dugu euskararen erabileraren lehen neurketa. Abenduan egindako lehen neurketa honek aurreko urteetan ikusitako joerek jarraipena izan dutela baieztatu digute: batetik, erabilerarik handiena adin txikienekoek izaten dutela eta adinean gora joan ahala euskararen erabilera murriztu egiten dela, eta, bestetik, euskararen erabilera nesken artean handiagoa dela mutilen artean baino.

Azpimarratu beharra dago bi joera horiek bat egiten dutela gaur egun kale erabilera neurketetan agertu ohi diren joerekin (bai adinari eta baita generoari dagokionean ere), eta, beraz, gizarteko ohiturek ikastolan ere isla argia dutela ikusten da. 

Aipatutakoa ez da datu hutsala eta nabarmendu beharreko beste ondorio bat dakar berarekin: gizarte aldaketek ikastolan ere eragiten dute, ez gara isolatutako espazio bat eta Zornotzan (zein Euskal Herrian) dauden soziologia aldaketak eta beraien eragin soziolinguistikoak, gurera ere iristen dira. Gero eta gizarte anitzagoan gaude, hizkuntza gehiago dago gure artean eta errealitate berri horiek ikastolan ere badaude. Oinarri eta kontzientzia horrekin gidatu behar dugu gure lana ikastolaren helburu den hizkuntza proiektuan ere. 

Neurketa honen emaitzak segida baten azken datua dira eta hurrengo neurketetan joerak mantentzen diren edo aldatzen diren ikusi beharko da.

Neurketak eta datuak

Aurtengo neurketak jolasorduetan eta eskolaz kanpoko jardueretan egin ditugu. Neurtzaile modura irakasle eta ikasleak aritu dira (euskara taldeetan ari diren ikasleak). Gaurko artikulu honetan irakasleek egindako neurketak aztertuko ditugu. Esan beharra dago, hala ere, batzuek eta besteek egindako neurketetan aldeak ez direla handiak izan. Arratsaldetan, ikastolatik irteteko orduan ere, neurketa batzuk egin ditugu, ikasleon erabilera neurtzeaz gain, guraso eta familiena ere behatu ahal izateko. Hala ere, datu gutxi jaso dira arratsaldeko neurketa horietan eta, beraz, datuak ez dira oso esanguratsuak (hurrengo batean datu gehiago bilduko ditugu, garrantzitsua iruditzen baitzaigu familien erabilera ikastolakoarekin parekatzea). 

Datuei erreparatuz, etapaka ondokoak izan dira euskararen erabileraren datuak: 

  • HHko ikasleen artean euskararen erabilera %82,29koa izan da (neskena %90,32koa eta mutilena %73,17koa) 
  • LHko ikasleen artean %81,11koa izan da euskararen erabilera (neskena %96,31 eta mutilena %63,72)
  • DBHko ikasleen artean euskararen erabilera %50,08koa izan da neurketan (neskena %80,38 eta mutilena %22,32)

Aurreko neurketekiko aldaketa nabarmenenak HHn gertatu direla esan daiteke, lehenago aipatu izan den bezala, aniztasunaren eraginak erabilera apaltzea izan baitu. Gainontzeko etapetan nesken erabilerak datuei eutsi die (LHn izan du eragin handiena joera horrek).

Zenbait ondorio

Euskara da Andramari Zornotzako ikastolaren helburu eta ikur nagusietako bat. Zornotzan euskararen arnasgune izateaz gain, aitzindari ere bada gure ikastola euskalduntasun eta euskaltzaletasunean. Horretarako sortu zen eta horrek jarraitzen du gure ikur eta ipar izaten oraindik ere. Alde horretatik, horrelako neurketek laguntzen digute gizarte aldaketek eragiten dituzten errealitate berrietan ikastolaren iparrari eusteko nola goazen ikusi eta etorkizunean nola jokatu behar dugun erabakitzen. 

Iaz, ‘Non gogoa’ prozesuan, hurrengo lau urtetarako Plan Estrategikoa osatu genuenean euskararena izan zen zehaztutako bost ildo estrategikoetako bat. Gure hezkuntza komunitateak erabaki du euskarak izan behar duela oraindik ere gure ikur eta ipar nagusietako bat

Gizarte gero eta anitzago batean, ikastolarena ere gero eta errealitate anitzagoa da eta egitate horri erantzuteko proiektu eta dinamika berriak abian jartzea garrantzitsua izango da etorkizunean. ‘Non gogoa’ prozesuan aipatu genuen modura, ikastolaren helburua da euskal hiztun kontziente, konpetente eta koherenteak sortzea eta horretarako ere proiektu berriak martxan jarri beharko ditugu hizkuntza proiektuaren helburuak lortu ahal izateko. Erabilerarena termometro ona da bide horretan. 

Bestetik, neska eta mutilen artean dagoen alde hori aintzat hartu behar dugu. Gizartean ematen den joeraren parekoa da, emakumezkoek hizkuntzaren zaintzan ere betetzen duten funtzioa nabarmentzekoa baita. Mutilen artean, bereziki, hizkuntza ohituretan eragiteko helburua jaso behar dugu gure hizkuntza proiektuan, neskenari eutsiz. 

Azkenik, ikasleen erabilera neurtu eta baloratu dugun arren, helduon eredugarritasuna azpimarratzen amaitu behar dugu. Jardunaldi Pedagogikoetan aztergai izan genuen gaia eta gai hau bereziki azpimarratu zuen hizlari izan genuen Kike Amonarrizek. Ume eta gazte euskaldunak nahi baditugu, beharrezkoak izango dira familia eta heldu euskaldunen eredugarritasunaeuskaraz ez dakiten familien atxikimendu aktiboa eta herriaren babesa. Horretarako, guraso euskara taldearen ekimena garrantzitsua da, ikasleen euskara batzordeek ispilu modura barnera dezaten.