GAU BELTZA
Garai honetan urtero egin ohi dugun legez, aurten ere DBH4ko ikasleek ibilbide beldurgarria antolatu dute Gau Beltzaren (Arimen Gauaren) harira, ikasbidaiarako dirutxoa ateratzeko asmoz. Ekitaldia ikasle txikienei zuzenduta dago, betiere ibilbide beldurgarri horri aurre egiteko eran badaude. Halere, DBHko ikasleren bat ere sartu zaigu inoiz tartean…
Ibilbidea urriaren 30ean, asteazkena, izango da, eta 17:00ak inguruan hasiko, eskola-saioak amaitu ondoren, ibilbidea prestatzeko astia behar izaten da eta. Gerta liteke, beraz, pixka bat geroago hastea.
Ikasleak, taldeka eta txandaka joango dira ibilbidean sartzen, Haurtzaindegiko atean hasi eta goiko ate nagusitik irteteko.
Jakin dugunez, aurten inguruko pertsonaiak izango ditugu ibilbidean… baina beraien alderdirik ezkutuena eta beldurgarriena erakusteko!
Sarrera 1,5 eurokoa izango da, esan bezala, ikasbidaiarako erabiliko dena. Dena dela, DBH4ko ikasleak asteazken eta ostiraletan 16:30ean ikastola aurrean jartzen dira produktuak saltzen, eta hor erosiz gero, 1 eurotan erosi ahal izango da.
Halere, umeren batek ez badu ibilbidea parte hartzen, txikiegia delako edo, beste barik, ez duelako egin nahi, DBH4ko ikasleek beste aukera bat ere eskainiko diote, aisialdi-tailerra antolatuko baitute ikastolako liburutegian. Kasu horretan, sarrera 1 eurokoa izango da. Eta, errematerako, bizkotxoak ere jarriko dituzte salgai.
Animatu eta etor zaitezte dagoeneko ohiko festa bihurtu zaigun Gau Beltzeko Ibilbide Beldurgarrira! Ez zaizue damutuko… ala bai?






