Skip to main content

NEGUKO AZOKA

Beste urte batez Neguko Azoka ospatu genuen Andramari Zornotzako ikastolako kideok herriko plazan. Ikasleek etxetik ekarritako jaki goxoekin bete ziren plaza inguratzen zuten mahaiak, itxura ederra eta koloretsua emanez antolatutako postuei. 

Giro ederrean plazan bildu ginen ikastolako ikasleak, familiak, langileak eta herritar ugari. Goizean plaza bustita aurkitu bagenuen ere, ateri eta momentuka eguzkitsu ere gozatu genuen larunbata goiza. Ikasle eta irakasleek atondutako erakusgaiak ikusi eta salgai jarritako produktuak erosteaz gain, txosnako jan-edanak dastatu ahal izan genituen bertan lanean egondako gurasoei esker. DBH4ko ikasleek ere ikas-bidaia finantzatzeko beraien postua jarri zuten. 

Ikastolako ikasle eta ikasle ohiak izan genituen bertsolari eta trikitilari, giroa alaitzen. Aurten gainera, ikastolako gurasoen koroak 30. urteurrena ospatu duela baliatuz, ikastolak abesbatza omendu nahi izan zuen.  

Eskerrik asko, berriro ere, beste urte batez, azoka antolatzen lagundu diguzuen guraso eta lagun guztiei. Andramari ikastolak Zornotzako erdigunean erakutsi du, berriro ere, ohiturak berreskuratu eta herriari egun eder bat eskaintzeko gaitasuna. Komunitatearen indarrarekin gauza handiak egiten badakigu.

Zorionak eta eskerrik asko!