Skip to main content

HEDATZE PROIEKTUA: FAMILIEN BOZKETA

Gaur, ekainaren 6an, aurkezten ari da Hedatze proiektu proposamena ikastolan. Goizean zehar LH 5 eta DBH 3 arteko ikasleei aurkeztu zaie eta arratsaldean egingo da LH5 eta 6 zein DBHko gurasoentzako aurkezpena. 

Aurrez azaldu izan den modura Hedatze irakastorduen banaketan eragina duen berrikuntza proiektua da, irakaskuntzaren kalitatea hobetzea eta ikasle guztien eskola arrakasta sustatzea helburu dituena, besteak beste. Horretarako, ikastolako hezkuntza-jarduera eta eskola-denborak berrantolatzen ditu proiektuak. 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak datozen bi urtetan Hedatze proiektua martxan izateko deialdia argitaratu du eta proposamenak ekainaren 14rako aurkeztu behar dituzte martxan jartzeko asmoa duten ikastetxeek. Aurretik hainbat familiaren aldetik egon izan den interesa aintzat hartuz eta eskaintza hobetzeko aukera ematen duela baloratuta, proposamena prestatu da ikastolan. 

Hainbat baldintza bete behar dira proiektua aurkeztu ahal izateko. Horietako bi dira Artezkaritza Kontseiluaren eta DBHko gurasoen gehiengoaren onespena. Artezkaritza Kontseiluak maiatzaren 27an egindako batzarrean onartu zuen proiektua eta orain familiek erabakia hartzeko momentua da. Proiektua aurkeztu ahal izateko DBHko (Hedatze proiektuak eragingo dien ikasmailetako) familien %50ak parte hartu behar du bozketan eta bozka ematen dutenen bi herenak (%66,66ak) baiezko bozka eman behar du

Bozketa ekainaren 10, 11 eta 12an egingo da ikastolako idazkaritzan egongo diren bozka-ontzietan. Bozkara deituak izango dira LH 5etik DBH 4rarteko familia guztiak eta familia bakoitzak bi bozka izango ditu (tarte horretan dauzkan seme-alaba kopurua eta gurasoen kopurua edozein dela ere). Ostiralean (ekainaren 7an) bidaliko zaizkie Alexia bidez familia guztiei bozka paperak eta bozka eskuordetzeko paperak (bozka 18 urtez gorako ikastolako komunitateko edozein kideri eskuordetu ahalko zaio). idazkaritzan ere egongo dira bozka paperak. 

Hauexek izango dira bozkatzeko ordutegiak: 

  • Ekainaren 10 eta 11an (astelehen eta asteartean) 9.00etatik 16.30ak arte. 
  • Ekainaren 12an (asteazkenean) 9.00etatik 15.00ak arte.