Skip to main content

HEDATZE PROIEKTUA: BOZKETAREN EMAITZAK

Datorren ikasturtean DBHn Hedatze proiektua martxan jartzeko eskaera aurkeztuko du Andramari Zornotzako ikastolak. Aurrez iragarri zen modura, ekainaren 10 eta 12aren artean izan dute LH 5, 6 eta DBH seme-alabak dituzten familiek proiektua martxan jartzearen inguruan bozkatzeko aukera. Parte hartze zabala izan da bozketan (bozka eskubidea zutenen %65,45ak bozkatu du) eta babes zabala jaso du proposamenak, bozken %90,28a izan da aldekoa. 

Hezkuntza Sailaren deialdiaren baldintzak aintzat hartuaz bozka-ontzi ezberdinetan jaso dira familien bozketak, LH 5 eta 6ko ikasleen familiak alde batetik eta DBHko ikasleen familiak bestetik. Aipagarria da bi bozka-ontzietan lortu direla deialdiak zehazten zituen gutxieneko baldintzak (%50eko parte-hartzea eta bozken bi-herenen onarpena) gainditzea. 

Parte-hartzea:

Emaitzak:

Aurreko astean, familiekin egindako aurkezpen jendetsuaz gain, LH5 eta DBH4 arteko ikasleei ere azaldu zitzaizkien proiektuaren xehetasunak eta beraien iritzia jaso zen. Ikasleen artean ere %94,2ak adierazi zuen Hedatze proiektua martxan jartzearekin adostasuna.   

Artezkaritza Kontseiluak ere gehiengo osoz onartu zuen proiektua maiatzaren 27ko batzarrean eta klaustroan aurkeztuta gehiengo zabal batek egin zuen egitasmoaren alde.

Honenbestez, asteon aurkeztuko du ikastolak proiektua Hezkuntza Sailean, datorren ikasturtean martxan jartzeko helburuarekin. Hezkuntza Sailak ebazpena eman bezain laster jakinaraziko zaie familia guztiei.

Lehenago azaldu den modura, Hedatze irakastorduen banaketan eragina duen berrikuntza proiektua da, irakaskuntzaren kalitatea hobetzea eta ikasle guztien eskola arrakasta sustatzea helburu dituena, besteak beste. Horretarako, ikastolako hezkuntza-jarduera eta eskola-denborak berrantolatzen ditu proiektuak.