Hezkidetza

Hezkidetza da Ikastolak duen beste proiektu garrantzitsuenetariko bat. Beste proiektuek bezala, eguneroko garapena eskatzen du eta soilik horrela hartzen du zentzua: ekintza puntualez harago, egunerokoan hezurmamitzen da, etenik gabe.

Ikastolan argi dugu geure egungo testuinguru hezitzaileetan guztiok ez ditugula aukera eta eskubide berberak; alegia, neskak ez daudela, oraindik ere, mutilen pareko mailan, kultura sexistak gure hezkuntzaren sustraietan itsatsirik dirauelako. Ildo beretik, gure artean oraindik errotuta jarraitzen du sexu-aukera bakarra inposatu eta gainerako aukerak diskriminatzen dituen ikuspegi bitarra.

Egoera horri aurre egiteko, gure testuinguru hezitzaileak askatasunez bizitzeko sorleku izan daitezen lagunduko digu Ikastolak lantzen duen Hezkidetza Planak. Izan ere, hezkuntza-komunitatea garatzen den esparru guztietan eraldaketarako bideak eraiki nahi ditu Planak.

Ildo beretik, Ikastolako eremutik kanpo dagoen asmo zabalagoa ere badauka Andramariren heziketa-jardunak: gure ikasleak hezkidetza balioetan hezi nahi ditugu, Ikastolako ibilbidea amaitzen dutenerako, aniztasunarekin sentiberak ez ezik, adeitsuak, kooperatiboak eta konprometituak ere izan daitezen.

Helburu hori erdiesteko, ezinbestekoa da Hezkuntza Komunitate osoa hartzea kontuan: ikasleak, jakina, baina baita irakasleak, irakasle ez diren langileak eta gurasoak ere. Horregatik, kide guztientzako prestakuntza-ekintzak, ikastaroak eta, jakina, eguneroko zeharkako jarduna biltzen ditu ildo horrek.

Abiapuntua diagnostikoa da, gure Ikastolaren ezaugarriei egokitutako Hezkidetza Plangintza abian jartzeko lehen urrats gisa. Hortik aurrera, sentsibilizazio fasean sartzea da bigarren urratsa, eta, urratsez urrats, behin betiko sistema osoa taxutu eta abian jartzea.