Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra

Izenak berak adierazten duen bezala, Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorra (HPI) ez da bere horretan helmuga jakin bat, ez da lortu eta atzean uzten den helburu bat. Guztiz bestela, HPI lan egiteko modu iraunkorra da, abian jarri eta betiko ezarriko dena, Ikastolan eskaintzen dugun irakaskuntzaren kalitatea eta koherentzia bermatzeko.

Kataluniako Escalae Institutuak landutako programa bere egin du Ikastolen Elkarteak, Federico Malpica institutuko sortzaile eta lehendakariaren aholkupean. Programak bi ildo nagusi jorratzen ditu: batetik, gure jardunak Ikasleen Irteera Profila izan dezala ardatz eta norabide, eta, bestetik, norabide horretan doazen berrikuntza pedagogiko guztiak hausnartuak, guztion artean adostuak eta guztion artean norabide berean bultzatuak izan daitezen, Andramari Ikastolaren errealitatea aintzat hartuta.

Informazio gehiago:

EZAUGARRIAK

1. Zentzua izatea, iparra: Ikasleen Irteera Profila (IIP)

2. Irakasleriaren gogoetatik sortzea

3. Irakasleria osoak onartzea eta aplikatzea

4. Oinarri zientifikoa izatea

5. Planifikatuak eta ebaluatuak izatea

Hobekuntza Pedagogiko Iraunkorraren bideak zenbait etapa zehazten ditu, bidea behar bezala egin dadin. Abiapuntua, jakina, Ikaslearen Irteera Profila da: zer-nolako ikasleak nahi ditugu hezi, zer-nolako pertsonak nahi ditugu ikusi ikastolatik irteten? Funtsezko urratsa da hori, behin helmuga zehaztuta, gainerako urrats guztiak (pedagogia, irakaskuntza, hezkuntza bera…) norabide horretan kokatuko dira eta. Andramarik dagoeneko zehaztuta dauka atal hori: gure hezkuntza proiektuak jasotzen duen bezala, ikastolatik irteten direnean, pertsona euskaldunak, solidarioak, iritzi propioa dutenak, kritikoak, …. nahi ditugu ikusi.

Eta hori argi jakinda eta irakasle guztiek barneratuta, gure pedagogiaren, irakaskuntzaren diagnostikoa egiteari ekitea izan da hurrengo urratsa. Horretarako, irakaskuntzaren atal jakinetan oinarritutako galdetegiei erantzun diete irakasleek, emaitzak aintzat hartuta, berrikuntzak ikusi, abian jarri, ebaluatu eta, oro har, Andramari Ikastolaren Plan Estrategiko Pedagokikoa (PEP) zehazteko asmoz.

Prozesu osoan ezinbestekoa da komunitate akademikoa osatzen duten kideen partaidetza aktiboa, lehen esan dugun bezala, erabakiak guztion artean hartu eta guztiok adostasunean hezurmamitzea baita proiektu horren funtsa.