IBAIZABALERA BISITA
Astelehen honetan, martxoaren 31n, DBHko ikasleak Durangoko Ibaizabal ikastolara joan ginen, bertatik bertara ezagutzeko hango eraikina nahiz jarduna. Bisitan ez ginen Andramari Zornotzako Ikastolako ikasleak bakarrik izan; izan ere, Lekeitioko Azkue ikastolako ikasleak, Elorrioko Txintxirri ikastolakoak eta Durangoko San Antonio ikastetxeko ikasleak ere egon ziren gurekin batera.
Ibilbidea egiteko, ikasleak hiru taldetan banatu zituzten, talde bakoitzean ikastola guztietako ikasleak nahasita, datorren urtean horietako guztietako gazteak bilduko baitira Ibaizabalen, eta horren atariko jarduera moduan.
Hasiera-hasieran, gure ikasle ohi batek, Naroa Iturriotzek, harrera bikaina egin zigun, berak berariaz egindako bertsoak tarteko. Eta ondoren ere, gure ikasle ohiak lagun izan genituen bisitan zehar, bertako instalazioen berri ez ezik, metodologiaren eta bizipenen berri ere emateko.
Ibaizabal ikastetxeak 25 urte bete ditu aurten eta Batxilergoa eta Lanbide Heziketako goi mailako zikloak ere eskaintzen ditu. Ikastolen Elkartearen kide da, inguruko bost ikastolen artean sortutako proiektu bateratua izan baitzen, DBHko zikloa amaitu ondoren bertan biltzeko inguruko ikastola horietako ikasleak. Andramari Zornotzako Ikastola partaide horietako bat izan zen eta esan genezake, beraz, gure hezkuntza-ibilbidearen jarraipen naturala dela.






