Skip to main content

Azaroan egingo ditugu Andramari Zornotzako ikastolaren Jardunaldi Pedagogikoak. Ikastolan ditugun erronka eta proiektuen gainean hausnarketa eragitea da jardunaldien helburua. Urteko lehen hilabeteetan egindako Non Gogoa prozesuan zehaztu ziren hainbat helbururi erantzuteko sortu dira jardunaldiak, bereziki ikastolaren oinarri pedagogikoen gainean sakontzeko eta komunitatean gogoeta bultzatzeko asmoz.

Lehen edizio honetan 2023ko udazkenean aurkeztutako Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorrean jasota dauden lan-ildoetako batzuetan barneratuko gara. Hezkuntza Markoan zehaztuta dauden pertsona ereduaren bi bereizgarritan, hain zuzen. Pertsonengan zentratuta dagoen hezkuntza ereduaren baitan barne sendotasuna eta euskalduntasuna hartuko ditugu lehen aztergai modura. 

Jardunaldiak ikastolako familia eta profesionalei zuzenduta egongo dira, topagune eta hausnargune partekatua izateko asmoz. Irekiak izango dira gai hauen gaineko interesa izan dezakeen edonork parte hartu ahal izan dezan.

Bi gai, bi egun

Bi egunetan egingo dira jardunaldiak, Zelaieta zentroan. Saio bakoitzean hizlari bat izango dugu eta ondoren, esperientziak elkarbanatzeko aurkezpen laburrak ere egongo dira. Saio biak arratsaldeko 17.30etatik 19.00ak artekoak izango dira.

Azaroaren 12an, asteartean, “Pertsonen garapenerako emozioak lantzen” izenburupean Euskal Herriko Ikastolen elkarteko kide den eta arlo emozionala lantzen ibilbide oparoa duen Amaia Ayerra izango dugu hitzaldi nagusia eskaintzen. Ondoren, ikastolan lantzen diren zenbait ekimen ezagutzeko balioko duen mahai ingurua egongo da.

Azaroaren 20an, asteazkenean, “Hiztun kontziente, konpetente eta koherenteak helburu” izenburuarekin Kike Amonarriz soziolinguista izango dugu, hezkuntzak eta hezkuntza komunitateko kide ezberdinek arlo honetan duten funtzioaren inguruko hausnarketak proposatuz.

Parte hartzeko deialdia 

Jardunaldietan parte hartzeko deialdia zabala da eta edonork parte hartu ahal izango du. Hala ere, aforo kontuak ziurtatzeko, aurrez izena ematea eskatu nahi dizuegu (aretoaren edukiera aintzat hartuta, jarraipena egin ahal izateko). 

Ikastolaren oinarri pedagogikoak partekatzeko gune egokia izango delakoan, parte hartzera animatu nahi zaituztegu.