Skip to main content

IKATOLAREN HEZKUNTZA PROIEKTUA

Astearte honetan egindako klaustroarekin amaitu dugu ikastolako irakasle eta hezitzaileok Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorrean sakontzeko azken hilabeteetan izandako formazioa. 2023ko urrian aurkeztutako Hezkuntza Markoa izango da hurrengo urteetarako gure hezkuntza proiektua eraikitzeko oinarrietako bat eta horregatik erabaki da ikastolako klaustroa osatzen dugun guztiok formazio sakona jasotzea. 

Urria eta martxoa artean autoikaskuntza eta saio presentzialak uztartuz landu ahal izan ditugu Marko Orokorrean jasota dauden eduki guztiak. Nor garen galderari erantzunez ikastola ereduaren gaineko hausnarketa egiteaz gain zer lortu nahi dugun eta nola lortu nahi dugun ere izan ditugu gogoetagai. Horretarako Hezkuntza Markoak zehazten duen pertsona eredua izan dugu aztergai (zer nolako bereizgarri eta ezaugarridun pertsonak bultzatzen ditugun ikastola mugimenduan).  Era berean, geure praktika pedagogikoa orientatzen eta sostengatzen duten oinarri teorikoak (printzipio psikopedagogikoak) eta hauetan oinarrituta ikastolek definitutako hezkuntza-ildo orokorrak ere landu ditugu.

Formazio sakona izan da, esan bezala, baina gure Hezkuntza Proiektua lantzeko beharrezko oinarriak jarri dizkigu. 

Hezkuntza Proiektua aztergai, parte hartzerako gonbidapena

 

Ikasturteko planean jasota genuen modura, behin formazioa amaituta, gure Hezkuntza Proiektua berrikusteari ekingo diogu. Hurrengo hilabeteetan zehar luzatuko den prozesuan klaustroaren parte hartze zuzenaz gain, ikastolako familiek ere izango duzue gogoetan murgiltzeko aukera. Datorren astean iragarriko ditugu ikasturtea amaitu aurretik egingo diren bi lan-saio.