Skip to main content

2025-2026 ikasturtean ere, Andramari Zornotzako Ikastolak Hezkuntza Proiektuaren berrikuntza prozesuarekin lanean jarraitzen du, komunitate osoaren parte-hartzearekin. Ikastolako familiok prozesuan parte hartzeko gonbidapena egin nahi dizuegu gaur.

Andramari Zornotzako Ikastolan Hezkuntza Proiektu berritu baten sorkuntzari ekin genion 2024-2025 ikasturtean. 

Prozesua komunitate osoaren parte-hartzearekin garatzen ari gara: profesionalak nahiz familiak elkarlanean ari gara etorkizuneko eraldaketa pedagogikoaren norabidea zehazteko. 

Aurten, 2025-2026 ikasturtean, prozesu horren jarraipena egiten dihardugu, aurreko urteko lanaren ondorioak eta gogoetak kontuan hartuta.

Orain arte egindakoa

  • Klaustroak Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorraren inguruko trebakunta jaso zuen, oinarri teoriko sendoa lortzeko eta Hezkuntza Proiektuaren berrikuntzan bide argia izateko.
  • Maiatzean, hausnarketa kolektiborako fasean sartu ginen, guraso eta irakasleen ekarpenak jasoz.
    • Familiekin bi saio antolatu genituen:
      • Lehenengoan, “Zer-nor gara?” galderaren inguruko gogoeta sakona egin genuen, ikastola-eredua aztertuz.
      • Bigarrenean, “Zer lortu nahi dugu?” galderari jarraituz, pertsona-ereduaren inguruko hausnarketa eta eztabaida landu genuen.
    • Irakasle-taldearekin ere lan-saio bat burutu genuen, azken galdera horren inguruko gogoetak sakontzeko.

Hurrengo pausoak

Ikasturte honetan, proiektuaren marko orokorra ixtea izango da gure helburu nagusia.

Lehen hiruhilekoan bi lan uztartuko ditugu:

  1. Hausnarketa eta erabaki pedagogikoak: “Nola lortu nahi dugu?” galderaren bueltan arituko gara, eta kasu honetan bereziki profesionalen arteko lanketari emango diogu garrantzia.
  2. Idazketa-prozesua: proiektuaren testuaren idazketa abian dago. Horretarako, talde-eragilea osatu dugu —zuzendaritza pedagogikoko kideek osatzen dute—.

Guztion parte-hartzea bermatzeko, dokumentua idazketa-prozesuan zehar  partekatuko da, interesa dutenek ekarpenak egiteko aukera izan dezaten.

Jasotako ekarpen guztiak talde-eragileak aztertuko ditu, eta onartu edo baztertzeko erabakia hartuko du.

Zure ekarpena behar dugu!

Hezkuntza Proiektua guztion artean eraikitzea da gure asmoa.

Horregatik, idazketa-fase honetan ere zure iritzia eta ideiak entzun nahi ditugu. Udazkenean zehar, izena ematen duzuen guztiokin, Hezkuntza Proiektua osatzeko prozesuan informazioa partekatu eta ekarpenak jasotzen joango gara. 

Eman izena galdetegian, parte hartu prozesuan eta lagundu gure ikastolaren etorkizuna eraikitzen.

Galdetegia

Eskerrik asko zuen parte-hartzeagatik eta laguntzagatik. 

Jarrai dezagun elkarrekin ikastolaren etorkizuna eraikitzen!