Skip to main content

Kaixo, familiak:

 

Idatzi honen bitartez, azken egun hauetan herrian bolo-bolo dabilen gain baten inguruan hitz egin nahi dizuegu.

Aurreko larunbatean, hilak 14, herriko gazte talde handi batek Zornotzar gazte bat, Haitz, jarraitu zuen herrian zehar irainka. Irainka diogu, izan ere, Haitz haserrearazteko bere gustuko ez den ezizenez deitzen diote. 

Haitzek desgaitasun intelektuala dauka eta, normalean, iraintzen dutenean erasotzaileen atzetik hasten da korrika. Hori, herriko gazteentzat, joko bihurtu da; baina, Haitzen amak salatu duen bezala, Haitz eta bere familiarentzat lau urtez luzatzen ari den egoera mingarri bezain jasanezina da.

Gure ikastolako ikasleek ere parte hartu dute Haitzi min hori eragiten. Haitz Larrea auzoan bizi da, eta ikastola ingurutik pasatu izan denean gure ikasleek joko horri ekin diote; batzuk irainka,  beste batzuk erasotzaile horien inguruan era pasiboan mantenduz; edo, larunbatean bezala, Haitzen atzetik korrika zihoan taldea handiagotuz. Egoera horrek urduritasuna eta beldurra sortzen du Haitzengan.

Honen guztiaren aurrean, ikastolan ikasleekin lanketa bat egiten ari gara horrelakorik, berriro, inori gertatu ez dakion. Ezberdinen arteko elkarbizitza bultzatu nahi dugu, inork ezin baitu aitzakiarik izan inor iraindu eta jazartzeko. 

Gure ekimena herriko gainerako ikastetxeekin partekatu dugu, eta eurek ere gauza bera egingo dute euren ikasleekin. Denon ardura da Haitzek bizi duen jazarpena gelditzea, eta berriro ere beste inork bizi ez dezan lan egitea.

Horregatik,  eskertuko genizueke zuen seme alabekin honetaz hitz egitea, gertatutakoaz galdetzea, gertaeren larritasunaz ohartaraztea eta, idatzi honetan egin dugun bezala, 18 urteko gazte horren izena Haitz dela argi uztea. Denon artean, elkarlanean, horrelako gertakizunak ekidin ahal ditugu. Gaur Haitz da, bihar  gure seme edo alabaren bat izan daiteke.

Beste barik, azpimarratu nahi dugu Andramari Zornotzako Ikastolak ez duela inolako jazarpenik onartuko. Horregatik, Haitz eta familiak sufritutakoa salatzeko, igandean, goizeko 12:00etan, Herriko plazan deitua dagoen kontzentrazioan parte hartuko dugu. Zuek ere bertan izango zaretelakoan, eskerrik asko.

 

Andramari Zornotzako Ikastolako Zuzendaritza eta Artezkaritza