JOLASGUNE BERRIA
Azken asteotan egindako lanen ondoren, martxan dago goiko patioko 🌟 jolasgune berria. Gogotsu hartu dute ikasleek egitura berria lehen egun hauetan.
Espazio berri honen irekierarekin, apurka-apurka jarraitzen dugu duela hiru ikasturte sortu genuen kanpo espazioen plan berria gauzatzeko urratsak ematen.

Gogoan izango duzuen modura, espazio berri eta estaliak sortu genituen beheko patioan (jolaslekuak, haretza eta bestelako elementuak), berdegune berriak sortu ditugu, zuhaitz berriak landatu, mahai-tenisean aritzeko bi mahai eraiki genituen, bilgune berriak sortu eta orain jolasgune berria sortu dugu.
Astebeteko lanen ondoren, aste honetan bertan, atonketa lanetan aritu dira DBH1eko zenbait guraso eta DBHko zenbait ikasle, gunea zuhaitz adar txikituekin estali ahal izateko. Eskerrik asko lan horietan aritu zareten guztioi! 🙏
Gune berriak, erabilera berriak
Gogoeta sakon eta komunitario zabal baten ondorioa izan zen kanpo espazioen plana. Espazio berrien sorreraz gain, espazioen erabilerarako funtzio eta begirada berria landu zen prozesu horretan. Orain, ikasturte batzuk pasata, eraldaketa gauzatzen goazen neurrian, hausnarketa horiek gogora ekarri eta berritzea tokatzen da.
Izan ere, espazioak eraldatzen doazen neurrian, erabilerak ere eraldatu behar dira eta horretan ari gara. Hurrengo egun eta asteetan LH3tik DBH2rarteko ikasleek kirolgune modura pentsatutako frontoiaren antolaketa berriaren gainean hausnartuko dute, erabilera arau berriak lantzeko. Ondoren, erabilera arau berritu horiek zabaldu eta horien gaineko lanketa proposatuko dugu.






