Pasaden apirilaren 7 eta 8an LH2ko ikasle eta irakasleok Zarauzko Igerain aterpetxean egin genuen egonaldia. Primeran pasatu genuen eta bizitako esperientzia zuekin partekatu gura izan dugu.
Ostegunean iritsi eta Getariara egin genuen ibilaldia. Inguruko mahastiak ezagutu genituen eta behin Getariara iritsita Elkanoren bizitza azaldu ziguten, benetan zirraragarria! Bazkaldu ondoren, portura jaitsi ginen eta iritsi berri ziren hiru itsasontzi ikusteko aukera paregabea izan genuen, horrekin batera arrantzaleek erabiltzen dituzten baliabide desberdinak ikusteko aukera izan genuelarik.
Arratsaldean Zarautzera bueltatu ginen eta, nola ez, bertako hondartzan Korrika txikia antolatu genuen. Egun luzearen ondoren, aterpetxera bueltatu ginen eta gure emozioak baretzeko dutxa bero bat hartu genuen. Afaldu, gure geletan lasai egon eta lo seko geratu ginen.
Hurrengo egunean, gosaldu eta Zumaiara egin genuen txangoa. Bertan Flyschak ezagutu genituen, guk egindako aparejoekin arrantzatzeko aukera izan genuen eta bukatzeko, itsasontzian bueltatxo bat egin genuen Zumaiako portutik.
Ikusten duzuen bezala ezin hobeto pasatu genuen eta gure diplomak hartuta itzuli ginen Zornotzara. Eskerrik asko irteeran gurekin parte hartu duten langile guztiei, irteera errazagoa izan dadin lagundu diguzue!