Skip to main content

KIVA EGUNA 2025

2025-26 ikasturte honetan, KiVa programari agurra emango diogu, eta eskolaren jazarpenaren aurkako lanean sendo eta iraunkor jarraituko dugu urte hauetan guztietan ikasitakoaren eta eraikitakoaren eskutik.

2017. urtean ezarri izan genuen KiVa programa Euskal Herriko 52 ikastolatan, eta ordutik egindako ahalegin horien guztien fruitua ere bada ONKI, Ikastolen Elkarteak ikasturte honetan abian jarri duen tutoretza plan integrala. DBHko ikasleek ONKI ezagutuko dute, non jazarpenari aurre egiteko hainbat jarduera jasotzen diren, besteak beste. Ikastolok badaukagu nahiko heldutasun eta eskarmentu gure bideari ekiteko eta horretan gabiltza talde kohesioa bultzatuz, ongizate emozionala hurbiletik zainduz eta elkarzaintza zein komunikazio asertiboa indartuz. 

KIVA  bullying edo eskola-jazarpena prebenitzeko eta jazarpen-kasuei modu eraginkorrean aurre egiteko programa bat da, lekukoak eragile aktibotzat hartuz eta denok edozein egoeran eduki dezakegun ardura onartuz eta berorri erreparatuz. Prebentzio lana ikastorduetan egiten da, tutoretza saioetan batez ere. Jazarpen arazoei aurre egiteko ardura du KIVA TALDEAK, etapa bakoitzeko ordezkari batek eta ikastolako hezkuntza psikologoak osatuta. Etorkizunean KIVA izena desagertu egingo bada ere, jazarpenaren kontrako eta errespetuzko elkarbizitza baketsuaren aldeko ekimena tinko mantenduko da.

Jazarpen susmorik izanez gero, taldekideekin zuzenean harremanetan jarri zaitezkete:

Ione Batiz, ionebatiz@zornotzaikastola.eus

Lorea Carro, lorea@zornotzaikastola.eus

Gorka Etxeberria , gorkaetxeberria@zornotzaikastola.eus

Nagore Etxebarri , nagoreetxebarri@zornotzaikastola.eus

Hori guztia ikastolan sendotasunez presente egoteko helburuarekin, aurreko ostiralean, urriaren 24an, KIVA Eguna ospatu genuen ikastolan. Hori dela eta, LH 1. mailatik DBH 4. mailara bitarteko ikasleek jazarpena ekiditeko kontuan hartu beharreko kontzeptu gakoak gordetzen zituzten koloretako katebegiak kate luze batean batu zituzten. Ondoren, HHko ikasleek katea ikastolako hesian zintzilikatu zuten, eta, horrela, gure ikastola mezu horiekin bilduta geratu zen.

Horrez gain, HH eta LHko ikasleek elkarbizitza baketsua sustatzen duten leloak zituzten dominak jaso zituzten, domina bereko kideak bilatzeko erronkarekin; horrela, elkarrekin leloak partekatu zituzten.