Skip to main content
Maider Ortega Ruiz, Txantxuliren jantziaren azpian.

Maider Ortega Ruiz, Txantxuliren jantziaren azpian.

Egun berezia biziko dugu zapatuan. Bi urteren ondotik, jaialdia berrartu eta denok elkartuko gara ikasturte amaiera ospatzeko. Ikastolako kide guztien artean, badago bat umeen zein gurasoen lagun berezia dena: Txantxuli. Maider Ortega Ruizek ondo ezagutzen du Txantxuli, eta jaialdiari buruz egin dugu berarekin berba.

Badator jaialdia. Eguneko lehen orduetatik nabaritzen al duzu jaialdi eguna dela? Zelan esnatzen da gorputza horrelako egunetan?

Eguneko lehen ordutik baino, aurreko eguneko arratsaldetik nabaritzen den zerbait da. Azken orduko prestaketak, irakasle eta artezkaritzako kideen urduritasunak, haurren hizketaldiak…

Batek: “Bihar ikastolako landan bazkalduko dugu!”

Besteak: “Puzgarriak egongo dira… Marimoz margoztuko dut aurpegia…”

Eta horrelako batean umeren batek esaten du: “Bihar Txantxuli etorriko da, ezta?”

Zuk, gainera, paper garrantzitsu bat izaten duzu… Zelan bizitzen duzu zure paperetik jaialdia?

Goizean tailerretan parte hartzen dut, bertan haur eta helduen Txantxuliren inguruko pentsaerak entzuten noa. Eguerdi aldera, nire familiarekin landan bazkaltzen dut, bazkal ostean berriz Txantxuliren izena agertzen da elkarrizketaren baten, zein ordutan aterako den edo zein izaten den egiten duen ibilaldia… Arratsaldean aurrera egin ahala, ume nagusien begiradak nire gain ikusten ditut, ia noiz mugituko naizen Txantxuli etortzeko. Hainbat saiakera egin ditut ni naizela inork ez nabaritzeko, baina haurrak dira eta ezin ditut engainatu….

Behin ordua helduta, banoa urte 2ko gelako guraso baten laguntzarekin Txantxuli izateko prestatzera. Txantxuliren mokotik gutxi ikusten bada ere, haurren emozio aurpegiak agerian geratzen dira, batzuetan poza, beste batzuetan beldurra, askotan ez dakite zer sentitu ere, mila emozio desberdin pasatzen dira euren barnetik aurpegian islada agerian geratu arte.

Helduentzat ere, berriz ume sentitzeko momentua heltzen da Txantxuli agertzen denean… photocall-a, talde argazkiak, askoren kasuan euren txikitako maskota agertzen da eurek sortutako familiarekin eguna partekatzeko… zenbat ikastola garaiko oroitzapen. Eta niretzako beste urte batez ere, ohorea, Txantxulik sortzen dituen horiek guztiak lehen pertsonan bizi ahal ditudalako

Bereziagoa da aurtengo jaialdia, azken urtekoen aldean?

Azkeneko bi urteetan ezin izan da jaialdia egin eta autengoa oso berezia da. Familia batzuen kasuan lehenengo jaialdia da, aurten probatu eta inoiz ez ahaztekoa egin gura dugu.

Alde batetik, berezia da itxialdia eta gero egiten den lehena delako, baina burbuilak kendu dira, musukoa eramatearen derrigortasuna ere kendu da, eta elkarrekin gozatzeko aukera.

Bertako ikasle/irakasleek baino, gurasoek agian gehiago gozatzen dute?

Gurasoentzako seme-alaben gelakide izandakoen beste gurasoekin elkartzeko aukera bat izaten da. Egunerokotasunean, gurasoen lana, eskolaz kanpoko ekintzak… eta hainbat gauza desberdinengatik ikastolako patioaz eta gurasoez gozatzeko denbora falta izaten dute. Jaialdia, urtean behin bada ere, kidetza horiek berreskuratzeko momentua izaten da.

Zelako eguna irtetea espero duzu?

Izugarria, eguzkia, bero larregirik bez…. ideala [barreak].

Egia esan, bai irakasleen, bai ikasleen, bai gurasoen aldetik, lan handia egiten da dena ondo lotuta egoteko. Inprobisaziorako ere tartea egoten da, baina beti izaten da egun zoragarri bat.

Jaialdia gurasoen parte-hartzearekin eroaten da aurrera. Garrantzitsua da gurasoak festaren parte sentitzea?

Ikasturteari amaiera on bat emateko ikasleak hartu behar dute parte, eurentzako ikasturte baten amaiera da. Batzuentzako ziklo edo etapa aldaketa bat, nagusitzen doazen seinale, irakasle edo ikaskide berriak….. nork daki hurrengo ikasturtea  nolako izango den baina auten bukatzen denari amaiera ezin hobea eman behar zaio. Baina gurasoen parte hartzea ezinbestekoa da ere bai. Tailerrak, taloak, eskolaz konpoko ekintzen erakustaldiak, jolasak, herri bazkaria, karaokea… ikastola osatzen dugun atal bakoitzaren presentziarik barik ez litzateke posible izango.