Hezkuntza integrala bermatzea izanik gure ikastolaren helburua, Laguntza Departamentua bertako organorik esanguratsuenetako bat da. Izan ere, hauxe da haren eginkizuna: ikastolako ibilbidean, HHtik DBHra, ikasleen artean ageri den aniztasunari kalitatezko erantzuna ematea, horri lotutako erronka eta betebehar guztiak barnean hartuta.
Horretarako, aditu talde sendoa dauka Andramari Ikastolak, elkarrekin lanean, fokua ikasleengan ipinita, gure Hezkuntza Proiektuarekin bat egiten duena. Tartean daude, besteak beste, pedagogia terapeutikoan espezializatutako irakasleak, hezkuntza-laguntzaile espezialistak eta hezkuntza psikologoak.