Skip to main content

ELKARTASUN KUTXA

Joan den ostegunean, urriaren 14an, Gasteizko Armentia ikastolan izandako Elkartasun Ikastolak EKEaren Batzar Nagusian hartu zuten parte Andramari ikastolako Artezkaritza Kontseiluko bi ordezkarik. Batzar horretan 736.000 euroko ekarpena banatzea erabaki zen. Aurtengoan ekarpena Argia, Ibaialde, Argantzun eta Kattalin Elizalde ikastoletara bideratu da, eta baita Kanpoko Ikastolen Etxera ere. Batasunaren eta kohesioaren balioa azpimarratu zuten batzarrean, bai eta elkartasuna eta lurraldetasuna ere.

Ikastolen mugimenduko 114 ikastolak batzen dituen Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak Euskal Herriko 114 ikastolen elkartasun adierazpide den elkargunea, ikastolenak diren hainbat balioen praktika dela esan da, “Izan ere, halako ekimen baten atzean ez baitaude datu ekonomikoak soilik, elkartasuna, lurraldetasuna eta taldekotasunaren praktika ere bada ekimen hau”. Horrela, ikastolen mugimenduak tokian tokian dituen beharrak asetzera bideratzen da urtez urte ikastola guztietako kideen ekarpenez osatutako diru multzoa.

736.000 euro banatu ziren urriaren 14ko batzarrean, lau ikastolaren eta Kanboko Ikastolen Etxearen artean, euren proiektuak garatu ahal izateko bultzada izan dadin. Laguntza hori heldu den urterako da, eta kapital ekarpen gisa eman dira.

Honela banatu dute heldu den urteko laguntza:

  • Argia Ikastola (Tutera): 120.000 euro
  • Ibaialde Ikastola (Lodosa): 120.000 euro
  • Argantzon ikastola (Argantzon) : 50.000 euro
  • Kattalin Elizalde kolegioa (Senpere) 300.000 euro; eta lanen bigarren faseari ekinez gero beste 100.000 euro
  • Ikastolen Etxea (Kanbo): 46.271 euro

“Erabaki horiei esker Euskal Herrian euskararen normalizazioaren bidean ezinbestekoak diren egitasmoak lagunduko ditugu”, adierazi zuen Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak. “Taldeak norberaren errealitate eta egoeratik harago begiratzeko aukera ematen digu. Taldeak markatzen digu iparra galduta gaudenean, ematen digu babesa garai zailetan, pozak partekatzeko ospakizunak antolatu eta erabakiak hartzeko sendotasuna ematen digu. Gure izatearen oinarri dela esan dezakegu, beraz”.

Ikastolen Elkarteko ikastola guztiak batzen gara Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartean eta urtean behin egiten dugun Batzar Nagusian erabakitzen da hurrengo urtean zein ikastolari eman laguntza. Modu horretara, euren kabuz aurrera eramaterik ezin dituzten proiektuak aurrera ateratzeko aukera dute, ikastola guzien elkartasunari esker.

Armentia ikastolan elkartuta, joan den asteko Batzarrean ere azpimarratu zen ikastolen elkartasunaren bitartez egun indartsuak diren ikastolek aurre egin ahal izan zietela euren erronkei beharra izan zutenean. Armentia bera da horren erakusle. 1992an sortu zen Gasteizen 17 ikaslerekin, eta 1995era arte ez zuten baimen administratiborik lortu. Hastapeneko urte horietan Euskal Herriko gainerako ikastolen laguntza jaso zuten, eta egun, mila ikasletik gora dituen ikastola sendoa da.